'Lehen sektorean ekiteko gida' aurkeztu du Cederna Garalurrek

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 18a, 18:00

Lehen sektoreak landa-eremuetan enplegua sortzeko egiten duen lana azpimarratzen du Gidak.

Gidan bost urrats zehazten dira nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategi bat ezartzen laguntzeko, eta ekintzaileei beren negozioa martxan jartzeko bete behar dituzten baldintza tekniko eta ekonomikoen berri ematen zaie

Cederna Garalurrek maiatzaren 6an aurkeztu zuen Lehen sektorean ekiteko gida. Dokumentua bost urratsetan dago antolatuta, eta galderen bitartez ekintzaileek proiektuetan aurrera egin ahal izateko gainditu behar dituzten alderdi tekniko eta ekonomikoak jasotzen dira. Era berean, gidak ekintzaileentzat lagungarriak izan daitezkeen hainbat tresna proposatzen ditu, eta laguntza ematen duten erakunde eta organismoei eta prestakuntza-programa esanguratsuenei buruzko bibliografia zabala biltzen du.

Gidan eredugarriak diren kudeaketa kolektiboko praktika onak jasotzen dira, eta kudeaketa-eredu berritzaileak eskaintzen ditu hainbat arlotan: ekoizpena eta eraldaketa, marken merkaturatzea eta sorkuntza, marketina, kudeaketa administratiboa eta instalazioen erabilera komunitarioa.

Noemí Salazar ingeniari agronomoa da gidaren egilea eta lehen sektoreak landa-eremuetan enplegua sortzeko egiten duen lana azpimarratzen du, «jarduera berriak sortuz, ustiategiak ordezkatuz edo ustiategiak dibertsifikatuz».

Lehen Sektorearen Balorizazioa izeneko proiektuaren barrenean egin den ekintzetako bat da Lehen sektorean ekiteko gida. Cederna Garalur da buru, eta Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasuneko LGENF funtsek finantzatzen dute, 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programaren bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun