Ipar Martxan Europako txapeldun eta txapeldunorde izan dira Ttuku-Ttukuko Jon Medrano eta Ramontxo Arandia

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 17a, 18:00

Elizondarra hirugarren izan zen maiatzaren 14an Italian jokatutako proban baina Master-35 kategorian nagusitu zen eta beratarra bigarren izan zen proban eta Master-40 kategorian

Maiatzaren 14an Italiako Grosseto hirian jokatu zen master mailako Europako Ipar Martxa txapelketa. Bertan parte hartu zuten Ttuku-Ttuku taldeko Jon Medrano Ruiz elizondarrak eta Ramontxo Arandia Goldarazena beratarrak. Konpetizio arloan Valentziako Club Maratón Crevillent taldearekin aritzen dira biak eta Espainiako selekzioarekin batera joan ziren Italiara eta emaitza bikainarekin bueltatu.

Izan ere, proban bigarren izan zen Ramontxo Arandia eta hirugarren Jon Medrano, Espainiako selekzioko bertze ordezkari baten gibeletik, Ramon Alvarez Borrasen gibeletik. Gauzak honela, Arandia Europako txapeldunorde izan zen M40 kategorian, Alvarez txapeldunaren ondotik eta Jon Medrano Europako txapeldun M35 kategorian.

Aitzinera begira, Espainiako klub arteko ipar martxa txapelketa hemendik bi astera jokatuko da Gasteizen eta bertan parte hartzekoak dira Medrano eta Arandia. Espainiako ipar martxako txapelketa indibiduala, berriz, Tavernes de la Valldigna herrian (Valentzia) jokatuko da ekainaren 18ko asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun