Nekazaritzako elikagai-sektorearen aldeko apustua egin dute Malerrekako, Bertizaranako eta Bortzirietako 16 udalek

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 17a, 16:00

Lehen sektorea garatzea eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzea du helburu plan estrategikoak. Argazkian, Lesakako feriak.

Cederna Garalur elkartearen babesarekin gauzatzen ari den ‘Bidasoa Elikadura’ plan estrategikora hamasei udal atxiki dira. Lehen sektorea garatzea eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzea hartu dute helburu.

 

Malerrekako, Bertizaranako eta Bortzirietako udalak nekazaritzako elikagai-sektorea eta bertako produktuen kontsumoa bultzatuko duen ‘Bidasoa Elikadura’ plan estrategikoa abian jartzeko eskualde-mailako ekimenaren xehetasunak zehazten ari dira.

Plan estrategiko hori 2020an hasitako prozesu baten emaitza da. Malerrekako Mankomunitateak nekazaritzako elikagai-sektoreari buruzko lehen diagnostikoa egin zuen, eta horretan elikadura-kateko eragile guztiek parte hartu zuten: toki-erakundeek, ekoizpen- eta lanketa-enpresek, eskola-jangeletako kudeatzaileek eta herrietako dendariek. 2021ean, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak antzeko azterlan bat egin zuen, eta sakonago aztertu zuen tokiko produktuaren kontsumoan. Bi azterlan horiek Tokiko Agenda 21en finantziazioa hartu dute.  

Azkenik, Beran eta Sunbillan egindako bi lan-saiotan diagnostikoen emaitzak eztabaidatu ondotik, plan estrategiko bat landu da, eta toki-erakundeek plan hori martxan jartzea erabaki dute, Malerreka/Bertizarana/Bortzirietako elikadura-sistema garatze aldera. Lehen sektorea garatzea eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzea hartu dute helburu.

Oraingoz, 16 udal atxiki zaizkio ekimenari: Arantza, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lesaka, Oiz, Urroz, Sunbilla eta Zubieta.

Gainera, gobernantza-sistema bat diseinatu da, eta horren barnean udal bakoitzeko ordezkariez osaturiko jarraipen-batzorde bat, hiru batzorde betearazlerekin batera: ekoizpen-sektorea, jantoki-kolektiboak eta sustapena eta sentsibilizazioa. Horrez gain, Cederna Garalur Elkarteak plana dinamizatu eta lantaldeak koordinatuko dituen duen pertsona bat kontratatuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun