Larunbatean, Arespalditzan Hodei Ezpeleta, Mikel Larrañaga, Jokin Urretabizkaia Basozabal, David Naredo, Txomin Amundarain eta Xuban Kañamares V.a lehiatu ziren. Mikel Larrañagak egin zuen denborarik onena (14.02) eta berekin batera Hodei Ezpeletak (15.21) eta Jokin Urretabizkaia Basozabalek (17.30) lortu zuten sailkatzea. 142 kiloko ingude txapelketan, berriz, Julen Diaz eta Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.a' aritu ziren. Diazek lau jasoaldi eman zizkion bi minutuan eta Izeta IV.ak hiru.
Igande arratsaldean Kripanen Jon Rekondok eta Nerea Sorondok sailkatzea lortu dute
Urrezko banakako aizkolari txapelketako bertze final laurdena maiatzaren 15ean, igande arratsaldean jokatu zuten Kripenen (Arabar Errioxa). Jon Rekondo leitzarra aritu zen eta berekin batera, Iker Vicente, Xabier Zaldua, Julen Larrea III.a, Ibai Soroa eta Beñat Lekue lehiatu ziren. Finalerdietarako sailkatzea lortu zuten Iker Vicentek (10.55), Julen Larrea III.ak (13.14) eta Jon Rekondo leitzarrak (14.21).
Emakumezkoen aizkolari txapelketan, berriz, Nerea Sorondo beratarra erraz nagusitu zen. 7 minutu eta 53 segundo behar izan zituen 36 ontzako hiru enborrak mozteko, Claudia Muñozek 11 minutu eta 32 segundo behar izan zituen eta Garazi Arrutik 11 minutu eta 51 segundo. 142 kiloko ingude txapelketan Paulo Azpiazuk eta Mikel Lopetegi Urrak seina altxaldi eman zizkioten. Urrezko harri-jasotzaile txapelketan, azkenik, denera 3.400 kilo altxatu zituen Jon Unanue Goenatxo III.ak, 188 kiloko laukizuzenarekin (5 altxaldi), 138 kiloko kubikoarekin (8 altxaldi) eta 113 kiloko bolarekin (12 altxaldi).