Nafarroako Euskal Pilota Federazioa indartsu dabil denboraldi honetan. 22 urtez beheitiko Espainiako Federazioen arteko pilota txapelketan, esku-huskako eta erremintako txapeldun bihurtu da 36 metroko frontoian. Pilotari nafarrak nagusitu dira igande goizean Labriten jokatu diren lau finaletan. Eskuz binakakoan, Antton Apezetxea goizuetarra, Oskozekin bikote eginez, suertatu da txapeldun, Errioxako Fernandez eta Lozari irabazita (10-7, 3-10, 5-3). Eskuz banakakoan, OierAriztegi lekaroztarrak Andaluziako Larari irabazi dio (10-4, 10-4).