Nafarroako launakako sokatira txapelketako maila nagusietan jokoan paratutako bortz txapelketatik hiru eman dira dagoeneko eta hiruak (txapelketa mistoa, emakumeen 255 kilokoa eta gizonezkoen 320 kilokoa) Beti Gaztek jantzi ditu. Azken bi jardunaldietan pisu arinetan lehiatuko dira emakumeak eta gizasemeak, 235 eta 300 kilotan. Lehen saioa Betelun izanen dute maiatzaren 14an, larunbat arratsaldean.
Emakumezkoen pisu arinean, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Araxes A, Araxes B, Berriozar eta Txantrea ariko dira. Gizonezkoen pisu arinean, berriz, Amaiur, Berriozar eta Txantreak bina talde aterako dituzte eta Beti Gaztek eta Antsoainek bana.
Maiatzaren 21ean jokatuko dute hondarreko jardunaldia Berriozarren. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez beheitikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finalak izanen dituzte.