Mintza Eguna aurten Hendaian izanen da ekainaren 5ean

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 10a, 18:00

Bi urtez ezin ospatuta ibili ondotik, Euskal Herriko Mintzalagunen urteko besta handia Hendaian izanen da aurten, ekainaren 5ean. Euskara ikasten ari direnek ikasturteari bukaera borobila emateko eta, oro har, euskaltzale guztiendako, ospakizun ederra izaten da Mintza Eguna, hango eta hemengo jendeak elkar ezagutu eta harremanak estutzeko balio duena.

Gaur egin dute Mintza Egunaren aurkezpena Euskaltzaleen Elkarteko Mintzapraktika Batzordearen koordinatzaile Maite Agirrek, Mintzaian Euskara elkarteko Eleuterio Jauregik,  Hendaiako Auzapez Kotte Ezenarrok eta Hendaiako Euskararen Delegatu Itziar Aizpuruk.

Hogeita hamar urte betetzear dira Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak lehen Mintzalagun taldeak martxan jarri zituenetik eta, gaur egun, milaka dira Euskal Herri osoan astero euskarazko mintzapraktika egiteko elkartzen direnak, herriz-herri egitasmo hau
sustatzen duten euskara elkarte, euskaltegi eta eragileei esker. Azken datuen arabera, 6.000 pertsonatik gora biltzen dira astero aurrez-aurre eta beste 1.000 aritzen dira sarean. Maite Agirreren erranetan, azken bi urte hauetan sarea izan da momentu batzuetan elkartzen jarraitzeko aukera eskaini diena, eta nabarmen handitu da parte hartzea. «Mintzaneteko edo Jalgi hadi mundurako sareetan mintzapraktika egiteko elkartzen diren kideak ere aurtengo Mintza egunean izanen ditugu, denok elkartzeko aukera eskainiz».

Berrikuntza horretaz gain, aurtengo Mintza egunak ere badu beste gehigarri bat. Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Gorrak federazioak pilotaje bat jarri dute martxan pertsona gor eta entzumen urritasuna duten pertsonek euskara praktikatu dezaten eta Agirrek iragarri du Mintza Egunean zeinu hizkuntzako interpreteak egonen direla «aukera hau ere jaian txertatuz».

Mintza eguna aurreko urteetan, ondorengo herrietan izan da, udaberrian beti: Iruñean, Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Urkabustaizen, Beran, Atarrabian, Derion, Hondarribian eta Lapuebla de Labarcan. Bi urtez ezin ospatuta ibili ostean, Hendaian izanen da aurtengo Mintza Eguna, ekainaren 5ean. Festa honen helburua beti izan da txoko guztietako mintzalagunak beraien artean elkartzea, euskaraz egun-pasa eder bat eginez. «Euskal Herriko Mintzalagun eta euskaltzale guztiak gonbidatu nahi ditugu jaira, harreman berriak sortzeko eta Mintzapraktika egitasmoa ezagutzeko aukera bikaina delako. Probatu ez duenak ez daki zer den hau!».

Izan ere, mintzapraktikan hasten diren gehienek, jarraitu egiten dute: gustura sentitzen direlako, lagunak egiten dituztelako eta hasieran markatuta zituzten helburuak betetzen dituztelako. Aurten jadanik Lapurdira ere zabaldu dugu Topagunearen Mintzapraktika ekimena, Hendaiako Mintzaian euskara elkartearen eskutik. Hain zuzen, beraiek ari dira Euskaltzaleen Topagunearekin batera
Mintza Egunaren antolaketan.

Eleuterio Jauregiren hitzetan, «2015etik dihardugu Hendaian euskalduna eta euskaltzalea egiten», urte hartan herrian burututako Plan estrategikoaren baitan sortu zen Hendaiako euskara taldea, gerora Mintzaian elkarte gisa antolatu eta Euskaltzaleen Topaguneko kide bihurtu dena. «Hasieratik gure helburu nagusia izan da euskararen erabilera Hendaian bultzatzea eta euskaraz aritzeko
aukerak biderkatzea». Horretarako hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, Euskaraldia edo Euskararen urtaroa kasu, eta 2021eko irailean Mintzalaguna jarri zuten martxan. Momentu honetan 3 Mintzalagun talde dabiltza martxan Hendaian «pertsona horiek guztiek sekulako ekarpena egiten diote euskalduntzeari: taldean elkarrekin aritzen dira euskaraz eta ohitura hori ingurukoengana
zabalduz joaten dira, hizkuntza ohituretan eraginez eta euskaraz aritzeko aukerak zabalduz». Horregatik dio Jauregik Hendaiako esperientzia baliagarria izan daitekeela «Lapurdiko beste herrietan ere egitasmoa martxan jarri eta iparraldeko euskalduntzean eragiteko».

Ekainaren 5ean Mintza Egunera etortzen direnek Hendaia gertutik ezagutu eta Mintzapraktika zer den probatzeko aukera izanen dute, egun osoko egitarauaren bueltan. Gaztelu aretoa izanen da bestaren gune nagusia eta hainbat autobus antolatu dituzte Hendaiara etortzeko.

Hendaiako euskararen delegatu Itziar Aizpuruk gogora ekarri du euskarak iparraldean ez duela koofizialtasun estatuturik eta, horrenbestez, gure hizkuntzak zailtasunak dituela bere toki osoa eta baliagarritasuna aurkitzeko. «Horregatik, Udal honetan 20 urtetik gora daramatzagu lanean euskara gure ekintza eta jarduera guztietan presente egon dadin». Frantziako legediaren menpe egonik, iparraldean harreman administratibo guztietan frantsesa erabili behar da derrigorrez, nahiz eta harekin batera euskaraz ere komunikatu daitekeen. «Beraz, gure eragiteko modu bakarra da gure komunikazioa elebiduna izatea eta udaletxeko 165 dokumentutatik 135 elebidunak dira dagoeneko».

Horrez gain, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapenari loturik akordioa sinatu zuen Hendaiako Udalak Euskalgintzaren Kontseiluarekin. «Euskal Herrirako proiektu honetan pilotu gara Nafarroako Uharte eta Euskadiko Arrigorriaga herriekin batera». Aizpuruk azpimarratu du Hendaia dela gaur egun iparraldean euskara espazio publikoan ezartzen udalerri aurreratuena. Eremu publikoan ari da elebitasunaren bidetik Herriko Etxea aurrerapausoak ematen. Esparru pribatuan euskararen erabilera sustatzeko, berriz, Hendaian beste zenbait erakunde ari dira lanean: «Mintzaian, Udal Leku, AEK, Ikastola, Ikas-Bi ikastetxe publikoa eta Euskal Haziak ikastetxe konfesional pribatuan ere ari dira euskara salbatzeko ahaleginetan».

Eguneroko bizitzan euskararen erabilera etengabeko borroka dela azpimarratu du Aizpuruk: «nola detektatu euskaldun bat, nola naturaltasunez hasi elkarrizketa, harreman bat euskaraz, nola izan trukean jarraitzeko gaitasuna?» .Mintzalaguna bezalako ekimenen bidez eta Mintza Eguna bezalako jarduerekin galdera hauei erantzuna ematen zaiela azpimarratu du: «Ezagutu, trukatu, hitz egin, erakutsi, ikusarazi, elkar artean aberastu praktika maila. Imajinatu beharko litzateke, hiri bateko eskualdun guztiak aldian-aldi elkartzen, gure hizkuntzan trukatzeko elkarguneak sortzeko».

Eta, halaxe, bat eginik, ekainaren 5ean Hendaiara hurbildu eta «Mintza Egunaz gozatzeko» gonbita luzatu dute Maitek, Eleuteriok eta Itziarrek. Probatu ez duenak ez daki zer den hau!

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun