Urrezko banakako aizkolari txapelketako jardunaldiak jokatu dituzte Arribe-Atallun eta Getarian

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 9a, 17:00

Larunbatean Arribe-Atallun aritu ziren kirolariak.

Larunbateko jaialdia bukatzeko Josetxo Urrutia leitzarrak erakustaldia egin zuen 142 kiloko ingude zaharrarekin

Urrezko banakako aizkolari txapelketako jardunaldi bikoitza izan da asteburu honetan: larunbat arratsaldean Arribe-Atallun aritu ziren eta igande eguerdian Getarian (Gipuzkoa), Antxua Egunaren barrenean.

Larunbat arratsaldean Arribe-Atallun

Arribe-Atalluko larunbateko jardunaldian bederatzi aizkolari lehiatu ziren final-laurdenetarako hiru txartelen bila: Julen Olano leitzarra izan zen eskualdeko aizkolari bakarra eta lehen lanean lehenbizikoa izan zen, Jon Rodriguez (El Espinar) eta Borja Fernandez (Valsain) menperatuta. Halera, ez zuen txartelik lortu, bigarren saioan Xuban Kamañares V.ak 21 segundoko aldea atera baitzion. Arostegiko aizkolariarekin batera, Arribeko Ibai Soroak eta Txomin Amundarrakinek lortu zuten final-laurdenetarako txartela. Daniel España (Valsain), Julen Gabirondo (Urnieta) eta Eneko Saralegi (Errazkin) ere kanpoan gelditu ziren.

Gizonezko aizkolariez gain, emakumezkoen harri-jasotze txapelketaren barrenean, Marina Blanco palentziarra 63na kiloko harri kubikoarekin eta borobilarekin aritu zen. 7 jasoaldi eman zizkion kubikoari eta 13 jasoaldi bolari, 20 jasoaldi denera. Jaialdia bukatzeko, Josetxo Urrutia leitzarrak erakustaldia egin zuen 142 kiloko ingude zaharrarekin.

Getariako Antxua Eguneko jaialdian aritu ziren kirolariak.

 

Getariako Antxua Egunean igande eguerdian

Urrezko banakako aizkolari txapelketak segida izan zuen igande eguerdian Getarian (Gipuzkoa), Antxua Egunaren barrenean egin zen jaialdiarekin. Hemen sei aizkolari lehiatu ziren final laurdenetako hiru txartelen bila: Zigako Joxean Etxeberria izan zen eskualdeko aizkolari bakarra eta berekin batera, Ioritz Gisasola Zelai IV.a (Mallabia), Oier Kañamares IV.a, (Arostegi), Ugaitz Mugertza II.a (Mutriku), Suharri Rodriguez Paolla (Hernani) eta Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia). Joxean Etxeberriak laugarren denborarik onena (13.06) egin zuen, baina ez zuen aski izan sailkatzeko. Bizkorragoak izan ziren Txikia IV.a (12.39), Mugertza II.a (12.19) eta Paolla (12.39).

Gizonezkoez gain, emakumeak ere aritu ziren aizkoran Getarian, emakumezkoen banakako aizkolari txapelketaren barrenean: Karmele Gisasola Zelai III.a mallabitarrak lortu zuen hurrengo kanporaketarako txartela (9.51), Uxue Ansorregi (Mendaro), izan zen bigarren (11.20) eta Beatriz Tanco (Murillo el Fruto) hirugarren (13.23).

Emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, berriz, Lur Errekondo eta Lucia Orbe aritu ziren, 63na kiloko harri kubikoarekin eta borobilarekin. Orbek 35 jasoaldi eman zituen denera (13 eta 22) eta Errekondok 29 (11 eta 18).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun