Ehunka lagun elkartu ziren larunbatean Iruñean haur eskolen alde egindako manifestazioan

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 9a, 14:00
'Haur eskolen duintasunaren alde' lelopean egin zuten manifestazioa Iruñean larunbatean

0-3 zikloko lan baldintzak hobetzeko eskatzeko eta langileen «duintasuna» aldarrikatzeko, pasa den astelehenetik greba mugagabean daude Nafarroako hainbat haur eskola, horien artean eskualdeko lau: Baztango haur eskola, Berako Mukixu haurtzaindegia, Leitzako Itzaire Haur Eskola eta Lesakako Magala Haur Eskola. 

Larunbatean manifestazioa egin zuten Iruñean haur eskolen duintasunaren alde lelopean, eta manifestazio ondoren irakurritako mezuan gobernuak «gutxietsi» egin dituela, eta «negoziatzeko ahalegin guztiak eten» dituztela salatu zuten. Tokiko udalei gobernua «presionatzeko» eskatu zioten, eta nabarmendu zuten «urgentea» dela negoziaketa mahaia eratzea: «Nafarroako gobernuak ezin du beste aldera batera begira jarraitu». 

Larunbatean bete ziren sei egun hezitzaileak greban zirela, eta ordura arteko balantze positiboa egin zuen Eider Garde Nafarroako 0-3 plataformako bozeramaileak. «Harrituta gaude orain arte jasotako erantzunarekin. Hala ere gure sentsazioa gazi-gozoa da guk ez dugulako greba mugagabea egin nahi. Greba oso gogorra izaten ari da guretzat erabateko prekarietatean gaudelako». 

Hainbat herritar eta eragileren babesa

Hainbat dira azken egunetan eskualdean haur eskolen alde egindako ekintza eta protestak. Oraindik ere,  eskualdeko herritarren babesa jasotzen jarraitzen dute. Narbarteko Arotzenea eskolak bere babesa adierazi zien greban zeuden langileei. 

Horrekin batera, Berako Udaleko ordezkariak Berako Mukixu haur eskolako langileekin bildu ziren, eta beren babesa adierazi zieten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun