Argindarraren sektorearen egitura «errotik» aldatzearen beharraz eta garrantziaz mintzo dira Maria Arretxe Agirre leitzarra eta Ainhoa Lanz Ortego beratarra, bertzeak bertze, egungoak «espekulaziorako atea zabalik» uzten duelako eta «merkatua ekoizle haundi gutti batzuen eskuetan dagoelako». Badakite zertaz ari diren, ezaguna dutelako merkatua. Goiener kooperatibako langileak dira biak, Arretxe entitate publikoak eta enpresak artatzen dituen lantaldeko kidea, koordinazio lanetan aritzen dena; eta Lanz, ikasketaz ingeniaria eta energia berriztagarrietan aditua, kooperatibako sorkuntza ataleko kidea, proiektu berriztagarriak garatzeko lanean ari dena. Argindarraren merkatuaren funtzionamenduaz, azken hilabeteetako prezioen gorakadaz eta etorkizuneko erronkez aritu dira TTIPI-TTAPArekin.
Azken boladan maiz aipatu da argindarraren prezioa. Ukrainako gerrak garestitu duela diote, baina zer diozue zuek?
Honen gibelean argindarraren egungo merkatuaren eredua desegokia dela ikusten dugu. Eredu marjinala deitzen zaio, Europak ezarritako baldintza batzuen arabera mugatuta dago eta interes politikoak eta ekonomikoak sortzen dituen eredua da. Horren ondorio dira gaur egun ditugu arazo aunitz.
Prezioak historikoak dira...
Bai, bai. Joan den hilabetean sabai guztiak gainditu ziren, eta megawatt-orduaren prezioa 705 eurora ailegatu zen. Hori ez zen inoiz ikusi, eta egiatan historikoa izaten ari da.
Nola ikusten duzue argindarraren merkatua?
Energia edo elektrizitatea oinarrizko ondasun bat da, baina gaur egun luxuzkoa den eta guztion eskura ez dagoen ondasun bat bilakatzen ari da. Merkatu honek momentu honetan espekulaziorako bidea zabaltzen du, eta ekoizle haundiek beraien aberastasunerako erabiltzen dute. Gutti batzuk ttiki aunitzen kontura aberasten ari dira.
«ARGINDARRA LUXUZKO ONDASUN BAT BILAKATZEN ARI DA»
Enkante batean finkatzen da argindarraren prezioa. Nola funtzionatzen du?
Jakin behar dugu argindarrarentzat orduro, hau da, egunean 24 prezio ezartzen direla. Enkante bat egiten da egunero hurrengo eguneko prezioak finkatzeko. Enkante horretan energia sortzeko teknologia merkeenak sartzen dira lehenbiziko lehian eta garestitzen doaz. Azkenean ordu horretarako behar den energia asetzen duen azken teknologiak ezartzen du prezioa. Energia berriztagarriak eta nuklearrak dituzten azpiegiturak etetea hagitz zaila da, nuklearrak ezin dira gelditu eta parke eoliko bat gelditzea ere ez da erraza. Euren salmenta bermatzeko hagitz prezio baxuan joaten dira enkantera, batzuk hutsean ere bai, baina zergatik? Badakitelako ordu horretan teknologia garesti bat sartuko dela enkantera, eta hala, ordu horretan sortu duten teknologia guztiek, kosta zaiena alde batera utzita, berdin kobratuko dutela. Demagun baso bat betetzera zoazela. Basoan ura, sagardoa edo muztioa sartzen ahal duzu, baina azkena sartzen dena xanpaina baldin bada, guztiek xanpainaren prezioan kobratuko dute.
Noren eskuetan dago merkatua?
Ekoizle haundi gutti batzuen esku dago, oligopolioko lauzpabortz enpresa elektrika horien esku, urte bukaeran milioika etekin izan dituztela jakinarazten diguten horien guztien esku. Gutti goiti-beheiti merkatuan ekoizten denaren % 80 ekoizle haundienek kontrolatzen dute. Horrek azpiegiturak ongi datorkien moduan erabiltzeko aukera ematen die, martxan paratu edo gelditu gehien komeni zaien momentuan, ahalik eta etekinik haundiena lortzeko egokitzen dute. Argi eta garbi ikus daiteke nola espekulatzen den, eta nola erabiltzen dituzten azpiegiturak irabazirik haundienak ateratzeko. Eta ez dugu atzendu behar irabazi haundiak dituzten sortzaile haundi horiek direla mer- katuratzaileak ere, eta beraz, euren dira kontrolatzeko ahalmena eta boterea dutenak.
Gasaren prezioak argindarraren prezioa baldintzatzen du. Azalduko zenukete?
Momentu honetan gasarekin ekoizten duten teknologien edo prozesuen kasuan, justifikatuta egon daiteke prezio garestia izatea, gasaren prezioa ere maximo historikoak izaten ari delako. Baina aitzineko hilabeteetan gasa ez da egoera horretan izan, ez dira zentral termikoak izan prezio hori ezarri dutenak. Nahiz eta energia merkeago sortu, badakite azkenean prezioak gasa erabiltzen duen teknologiak edota bere ondotik enkantean sartzen direnek ezarriko dutela. Otsailean, adibidez, prezioa ezarri zuten teknologiak nagusiki hidraulikoa eta eolikoa izan ziren, gasa erabiltzen duten azpiegiturak edo teknologiak % 16 baino ez ziren izan, eta guk merkatuan prezio horretan edo garestiago ordaindu dugu energia guztia, ez delako bakoitzari ekoiztea kostatzen zaionaren arabera ordaintzen. Hori da merkatu marjinalak duen berezitasuna.
«MERKATUA EKOIZLE HAUNDI GUTTI BATZUEN ESKU DAGO»
Joan den urteko ekainean Espainiako Gobernuak argindarraren gehienezko prezioaren sabaia igo zuen...
Inongo abisurik eta azalpenik eman gabe, Espainiako Gobernuak merkatua erregulatzeko ezarritako sabaiaren prezioa 180 eurotik 3.000 eurora igo zuen. Horrek bertze hausnarketa bat egitera garamatza. Ba ote zekiten zer ote zetorren bat-batean horrelako mugimendua egiteko? Kontua da igoera horrek gaur egun gertatzen ari diren prezioaren gorakada esponentzial eta ulertezin horiek legezkoak izatea baimentzen duela. Eta aldi berean, ezegonkortasuna eta ezjakintasuna sortzen du; ez dagoelako toperik, ez energia ekoizten edo merkaturatzen aritzen garenontzat, ezta herritarrentzat eta enpresentzat ere. Argindarraren prezioa izugarri altxatzen ari da, batzuetan jasanezina izateraino.
Ondoko hilabeteetan zein izanen da joera?
Espainiako Gobernuak irailean ezarri zituen salbuespen neurriak luzatzea erabaki du. Hala, 10 kilowattetik beheitiko kontratuetan BEZak %10 izaten segituko du [tasa ofiziala % 21 da], eta argindarraren gaineko zerga bereziak % 0,5 [lehen % 5,12 zen]. Bonu soziala hartzeko aukerak ere haunditu ditu, baldintzak malgutuz, eta erregulatutako kostuan % 55eko beherapena ezarri du. Baina ez dakigu neurri horiek noiz arte iraunen duten. Bada bertze neurri bat ere, beharbada prezioaren jaitsiera eragin dezakeena. Iberiar penintsulak dituen berezitasunengatik Europak neurri bereziak hartu ahal izatea onartu dio, eta gobernuak gasaren desanexioa eskatu berri du. Horrela, zerutik eroritako irabaziak deitzen diren horietan eskua sartzeko aukera izanen luke.
Gobernuak zenbaterainoko indarra du eskua sartzeko?
Prezioak ezartzeko prozedurak Europak zehaztuak dira, baina aipatu ditugun neurriak koiunturalak eta puntualak dira, partxeak izatetik haratago ez dute bertze misiorik. Sektorearen egitura aldatu behar da, eta hor gobernuak ez du maniobrak egiteko aukera haundirik.
Eta neurriak eraginkorrak direla uste duzue?
Dagoeneko badute isla prezioan, zertxobait jaitsi delako. Baina merkatuko prezioak jaisten edo egonkortzen ez diren bitartean, isla ttikia izanen dute kontsumitzaileen artean. Europa mailan gaur egun dagoen eredu marjinala da errotik aldatu behar dena. Bertzela, azken hilabeteotako egoera behin eta berriz errepika daiteke, ez dakigu zein maiztasunarekin eta noiz arte. Igoera Ukrainako gatazkagatik etorri dela erraten dute baina lehenagotik ikusten ari ginen heldu zela, eta gatazkarekin lehertu egin da.
«KONPAINIA TTIKIETARAKO JOERA HANDITZEN ARI DA»
Argindarraren merkatuaren igoerak nola eragin dio Goienerri edo gisako merkaturatzaile ttikiei?
Gure egunerokotasuna dezente zailtzen du. Merkaturatzaileok, astero, kudeatzen dugun energia ordaintzera behartuta gaude, baina energia hori ordaintzeaz gain, hurrengo astean eginen dugun erosketaren bermeak ere jarri behar ditugu, eta berme horiek ere prezioaren arabera igo egiten dira. Azken aldiko prezioaren igoera masibo horrek merkaturatzaileen artean likidezia arazoa sortzen du. Hala ere, Goienerrek bazkideei eskaintzen dizkien prezioak finkatzeko aitzinetik erosketa haundia egiten du bertze modalitate baten bidez, eta horrela kooperatibaren egoera finantzarioa egonkor bermatu dezakegu.
Berriki batzar orokorra egin eta neurriak hartzea erabaki duzue...
Momentuko egoera kritikoagatik ezohiko batzarra antolatu genuen. Aurre egiteko gai izanen ginela ikusten genuen, baina larritasun egoera batean neurri batzuk hartzeko aukera izateko baimena eskatu genien bazkideei eta bazkideek hagitz ongi erantzun zuten. Eurei esker segitzen dugu hemen. Batetik, kapital soziala haunditzeko eskatu genien, bazkideei ekarpen bat eskatzeko atea irekita uztea, eta bertzetik, etorkizuneko fakturak aitzindu ahal izatea, nolabait ere likidezia arazoren bat sortzen baldin bada fakturak aitzindu eta epe errealera ailegatzean likidatzeko aukerarekin. Bertze finantziazio lerro batzuk ere paratu ditugu martxan eta horretarako baimena eskatu genien bazkideei. Besteak beste COOP57n bakidetu gara eta indarrak batzeko merkaturatzaile txikiak batzen dituen ACENEL elkarteetara ere atxiki gara. Hortaz gain, Goienerren, oraindik, argindarraren merkatuarekin menpekotasun haundia dugu eta hori murriztea da helburua. Horretarako hainbat bide paratu nahi ditugu martxan. Alde batetik, argi eta garbi, sorkuntza propioa indartu nahi dugu, gaur egun kudeatzen dugun energiaren ehuneko ttiki bat bertzerik ez dugulako ekoizten. Bertzetik, alde bitako kontratuak bilatu nahi ditugu, ahal dugun energia gehiena enkante horretatik kanpo kudeatu ahal izateko. Bertzela, etorkizuna ezegonkorra eta ezjakina izanen da. Badakigu ez dela erronka erraza izanen eta bidea luzea izanen dela, baina kooperatiban horri lehentasuna eman nahi diogu.
Herritarrengan gero eta kezka haundiagoa sumatzen da. Konpainia ttikiagoen aldeko joera sumatu duzue?
Bai, egoera honen ondorioz, konpainia ttikietarako joera gero eta haundiagoa da. Herritarrek hurbiltasuna, gardentasuna eta konfiantza transmititzen duten entitateak nahi dituzte. Horrekin batera, autokontsumorako instalazioak egiteko interes haundia sumatu dugu eta hagitz proiektu politak sor daitezke. Dirulaguntzak ere horretara bideratzen gaituzte, eta energia berriztagarrien komunitateak zer diren, horren inguruan lanean nola hasi behar den... Horren inguruko interesa gero eta gehiago nabaritzen da.
«ERRONKA NAGUSIETAKO BAT HERRITARREN AHALDUNTZEA DA»
Zein dira erronka nagusiak?
Egoera hau aldatzen hasteko erronka nagusietako bat, lehenik eta behin, herritarren ahalduntzea da. Deszentralizazioa, kontsumo arduratsua eta horrekin lotuta dagoen desazkundea, autokontsumorako instalazioak eta burujabetza energetikoa. Horixe da bidea.
Zerbait gaineratuko zenukete?
Erronka horiek guztiak larrialdi klimatikoari aurre egiteko ezinbertzeko neurriak dira, eta erronka guztiona da. Herritarrok arduratsu jokatu behar dugu, aldaketaren parte izan, norbere etxetik hasi eta herrigunean eta auzoetan inplikatuz. Kontsumo ohiturak aldatu behar ditugu, baina ez energiaren alorrean bakarrik. Aunitzetan atzentzen zaigu egiten edo erosten dugun edozein gauzak baduela aztarna ekologikoa, baina ezin dugu hori bertze batzuen esku utzi. Guk ere badugu zer egin, eta zer erran, eta ekintza ttiki guztiek badute euren eragina.