Gaur abiatuko den 48. Bidasoa Itzuliko lehen etapa IrriSarri Landen bukatuko dute txirrindulariek

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 5a, 11:00
Duela bortz urteko irudi honetan bezala, gaur arratsaldean ere IrriSarri Landen helmuga izanen dute txirrindulariek.

Ortzegunetik larunbatera hainbat kilometro eginen ditu lasterketak eskualdeko errepideen barna

48. Bidasoa Itzulia maiatzaren 5etik 7ra eginen dute eta kilometro aunitz eskualdeko errepideetatik eginen dituzte txirrindulariek. Gaurko lehen etapa, erraterako, Irungo Urdanibia plazan abiatuko da 14:20an eta Igantziko IrrisarriLanden bukatuko da, 104,2 kilometro egin ondotik.

Eskualdean Endarlatsan barna sartuko da lasterketa (14:38) eta Bera (14:45), Sunbillako saihesbidea (15:05), Narbarte (15:13), Oronoz-Mugairi (15:17), Irurita (15:26), Elizondo (tarteko helmuga, 15:30), Zigako gaina (3. mailakoa, 15:59), Irurita (16:06), Elizondo (tarteko helmuga, 16:10), Sunbilla (16:38) eta Berrizaun (16:50) igaroko da, Igantziko Irrisarri Landen (3. Mailakoa), 17:00 aldera helmugaratu baino lehen.

Ortziraleko etapak Hendaia eta Hondarribia lotuko ditu, 119,4 kilometro egin ondotik. Honetan ere zatirik handiena eskualdean barna eginen da, berriz ere Endarlatsatik sartuta (14:38), tarteko helmuga izanen dute Berako saihesbidean (14:45), Zigako gaina (3. maila, 15:33), berriz ere tarteko helmugan Berako saihesbidean (16:24) eta berriz ere Gipuzkoan sartuko da, Jaizkibelgo gaina igaro ondotik (1. maila, 17:14) Hondarribian helmugaratzeko, 17:30 aldera.

Larunbateko etapa Irunen 15:25ean hasi eta Irunen bukatuko da (77,3 km), baina eskualdean ere izanen ditu kilometro batzuk. Gurutzeko gaina (3. maila, 15:39) eta Aritxulegiko gaina (1. maila, 15:54) igo ondotik sartuko dira txirrindulariak eskualdean eta Aginako gaina (1. maila, 16:07), Lesaka (16:20), Berako saihesbidea (tarteko helmuga, 16:28) igaroko dituzte, Lastaola baserriko bidegurutzea ezker hartu eta San Martzial gaina igoko dute (2. maila, 16:44), Erlaitzeko gaina (1. maila, 16:57) eta Irungo Colon pasealekuan helmugaratuko dira (17:25).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun