Gaur jakinarazi ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duten bertsolarien izenak. Txapelketan parte hartzeko aukera lurraldeetako txapelketetan eskuratu dute bertsolariek: 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, 2021ean amaitutako Bizkaikoan, Nafarroakoan eta Xilaban (Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoakoa), eta oraintxe egiten ari den Arabako Bertsolari Txapelketan. Azken hau ezustean atzeratu behar izan zen neguko osasun egoera tarteko eta ekainean amaitzen denean irekiko zaie sailkatuei izena emateko aukera; orduan ezagutuko ditugu Txapelketa Nagusiko ordezkari arabarrak.
Arabako parte-hartzaileen izenen faltan, beraz, hau da Bertsolari Txapelketa Nagusian izena eman duten bertsolarien behin-behineko zerrenda: Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Amets Arzallus Antia, Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Iguaran Amondarain, Eneko Lazkoz Martinez, Eñaut Martikorena Lizaso, Gorka Pagonabarraga Agorria, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Imanol Uria Albizuri, Iñaki Apalategi Astigarraga, Iñigo Mantzizidor Larrañaga, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Julio Soto Ezkurdia, Maddalen Arzallus Antia, Maialen Akizu Bidegain, Maialen Lujanbio Zugasti, Miren Amuriza Plaza, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Elustondo Plazaola, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas, Oihana Iguaran Barandiaran, Onintza Enbeita Maguregi, Patxi Iriart Hiribarren, Saioa Alkaiza Guallar, Sustrai Colina Acordarrementeria, Unai Agirre Goia, Unai Gaztelumendi Arandia, Unai Mendizabal Jauregi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Xabier Silveira Etxeberria.
Ekainaren 22an aurkeztuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta orduan emango ditu xehetasun gehiago Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Aurten, lehenengoz, Iruñean jokatuko da finala, Nafarroa Arenan.