Gasteizko bortz pilotaleku eta bi trinketetan jokatu dituzte GRABNI txapelketako finalak asteburu honetan. Nafarroa suertatu da txapeldun bai ezker paretan, baita trinketean ere. Denera 22 txapel jantzi dituzte Nafarroako pilotariek (13 ezker paretean eta 9 trinketean) eta horietako batzuk eskualdeko pilotariek lortu dituzte.
Ezker paretari dagokionez, eskuz binaka senior kategorian Oian Canabal igantziarra suertatu da txapeldun, Alduntzinekin bikote eginez eta 22 urtez beheitiko kategorian, eskuz binaka, Antton Apezetxea goizuetarra suertatu da txapeldun, Igoa aurrelari zuela. Paleta gomarekin, senior mailan txapeldun izan da Narbarteko David Albiasu. Trinketean, berriz, eskuz binaka, 22 urtez beheitiko kategorian Elizondoko Unax Apeztegia eta Zigako Aimar Prim izan dira txapeldun.
Trinketean, eskuz binaka, jubenil mailan txapeldun orde izan dira Iruritako Arturo Iturralde eta Elizondoko Ibai Ballarena.
Nafarroako pilotari afizionatuekin batera, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Errioxakoak biltzen ditu GRABNI txapelketak.