Beti Gaztek irabazi du Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 2a, 12:00

Beti Gazte A, Beti Gazte B eta Amaiur A larunbatean Lesakan, Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoaren podiumean.

Larunbatean Lesakan bigarren ere herriko bertze laukotea izan zen eta hirugarren Amaiur

Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa jokatu zen apirilaren 30ean, larunbat arratsaldean Lesakako udal pilotalekuan. Herriko laukoteak nagusi izan ziren, Beti Gazte A eta Beti Gazte Bren arteko finala jokatu baitzen. Hirugarren Amaiur A izan zen.

Bi multzotan banatutako bederatzi talde aritu ziren lehen fasean. Lehen multzoan Beti Gazte Bk irabazi zituen tiraldi guztiak, bigarren Berriozar A izan zen, hirugarren Amaiur B eta laugarren Araxes. Bigarren multzoan Beti Gazte A izan zen lehena, Amaiur A bigarren, Berriozar B hirugarren, Amaiur C laugarren eta Antsoain bosgarren. Hortaz, Beti Gazteko bi taldeak elkarren kontra aritu ziren finalean. Azkenean, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Maialen Lopez eta Maria Iantzik osatutako Beti Gazte A laukoteak jantzi zuen txapela, Unai Gurrutxaga entrenatzaile zutela. Beti Gazte B txapeldun orde izan zen: Karmelo Iantzi, Irantzu Goienetxe, Eneko Saldias eta Ainhoa Ubiria aritu ziren tiran, Julen Palenzuela entrenatzaile zutela. Podiumeko hirugarren koskan Amaiur A izan zen, Berriozar Ari irabazita, Joseba Jauregi, Ane Goienetxe, Amaia Sarratea eta Julen Jauregik osatu zuten laukotea, Migel Joxe Ariztia entrenatzaile eta Iñaki Urrutia laguntzaile zituztela.

Beti Gazteko bi taldeak finalean tiran.

Pisu astunetako txapelak maiatzaren 7an

Nafarroako launakako lehen txapela, beraz, Lesakan gelditu da. Hurrengoak, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu astunetakoak (255 eta 320 kilo, hurrenez hurren) maiatzaren 7an banatuko dituzte Antsoainen. Lehen jardunaldian, bi bietan Beti Gazte nagusitu zen eta berriz ere lesakarrak izanen dira txapelak janzteko faborito. Tiralari helduekin batera, 20 urtez beheitikoek eta kadete mailakoek ere lehen jardunaldia jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun