Inoizko emankorrena izan da Errigoraren azken kanpaina

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 30a, 10:00

Errigorak jakinarazi duenez, «inoizko uztarik emankorrena» izan da udaberri honetakoa. 10.000 etxetara ailegatu da, iaz baino %20 gehiago; 143.000 litro olioren eskaera hartu dute, joan den urtean baino % 35 gehiago, eta 271.000 kontserba ontzi eta 41.000 pakete gehiago banatuko dituzte, joan den urtean baino % 15 gehiago. Eskualdean ere emaitza onak izan ditu Errigorak: Olioen 1.259 eskaera izan dira; kontserben 909 eskaera eta arroza, pasta eta lekaleen 152 eskaera. Astelehenetik aitzinera hasiko dira banatzen. Ikusi hemen datuak.

HERRIA OLIOA KONTSERBAK OLIOA, ARROZA, LEKALEAK BANAKETA
ARESO 35 41 11 Maiatzaren 6an 16:00etatik 17:00etara plaza zaharrean
GOIZUETA 114 76 12 Maiatzaren 2tik aurrera Umore Ona elkartean
LEITZA 411 285 42 Maiatzaren 6an 16:00etatik 19:00etara udal pabiloian
BAZTAN 268 244 37 Maiatzaren 4an 14:30etik 17:30era Baztan Ikastolan
BERA 317 195 36 Maiatzaren 6an 15:30etik 18:00etara eta maiatzaren 7an 09:00etatik 11:00etara kultur etxean
LESAKA 114 68 14 Maiatzaren 2tik aitzinera Arrano ostatuan
GUZTIRA 1.259 909 152  

Errigorak adierazi duenez aurten % 20 hazi da kontserba, arroza, pasta eta lekale ekologikoaren eskaera eta heldu den urtean, potxa ekologikoa ekarriko dutela aitzindu dute. Ez hori bakarrik, «produktu ekologiko kopurua orokorrean handiagoa izanen da, agortu ez dadin». Horrez gain, «11.000 kilo txitxirio eta dilista banatzen» ari direla jakinarazi dute: «Hazialdeko lekale ekoizleen elkartearentzat bultzada ederra suposatzen du horrek».

Gainerakoan, irailerako prest izanen dute 40 robada (36.000 metro karratu) lur sail berri piper ekologiko gehiago biltzeko. Eta 12 ekoizleren lantokitan euskara planak lantzen hasi dira. «2023rako Errigoraren baitan ari diren guztiak izanen dira euskara planetan murgilduta».

Nabarmendu dutenez, «oinak lurrean ditugula diogu, lurrarekiko eta bertan bizi garenokiko errespetuz jardun nahi dugulako. Oinak lurrean, amets egiteari uko egiten ez diogun arren, ez garelako ametsetan bizi. Oinetako behatzekin uki daitezke Errigorarekin bat egin duten milaka herritarren ekarpenak Nafarroako baratzean eman dituen fruituak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun