Irizar E-mobility enpresako langileek greba mugagabea hasi dute apirilaren 25ean

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 28a, 17:00
Greba eta mobilizazioak egiten hasiak dira Adunako Irizar e-movility lantegian.

Eskualdeko zenbait langile ere ari dira Adunako lantegian eta lan baldintzak hobetzea eskatzen dute

Adunako Irizar E-mobility lantokiko langileek greba mugagabeari ekin diote apirilaren 25ean,  «horrelako enpresa batek merezi duen lan itun baten alde». Irizar konpainiako lantegi honetan 200 langile baino gehiago ari dira, tartean Baztan-Bidasoaldeko zenbait. Zehazki hauek dira langileek dituzten eskaerak: lan berdinari soldata berdina ematea, guztiei irteeretarako baldintza duinak eta berdinak eskaintzea, esfortzu gehigarriak konpentsatzea, langile guztien bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzea, eta puntu bat bera ere ez egotea hitzarmenaren azpitik. Langileek azpimarratu dute bortz puntu hauek bete ezean grebari eutsiko diotela, ezinbertzekotzat jotzen baitute langileen eskubideak bermatzea.

Izan ere, lan ituna berritzeko negoziaketetan aritu dira azken lau hilabeteetan, baina ez dute akordiorik itxi. «Lau hilabete pasa dira negoziazio mahaia martxan jarri zenetik eta zuzendaritzak ez dio langileen eskaerari behar duen garrantzia ematen, gainera, hau gutxi balitz, negoziazioa baldintzatu dute beraien itun proposamena onartzera behartuz», zehaztu dute.

Enpresa batzordeak gogoratu du bost urte direla Irizarrek Adunan SL izaera duen enpresa sortu zuela.«Bost urteetan ia 300 langileko enpresa izatera iritsi gara, merkatuan autobusak egiten dituzten makro enpresekin parez pare lehiatzen ari gara eta etorkizun oso oparoa duen enpresa gara. Hau guztia ez zen posible izango langileen konpromisorik gabe, langileen sakrifiziorik gabe. Tamalez Irizar Taldea gidatzen duen Irizar S.Coop-ek ez ditu taldeko langileak beraien burua bezain ondo zaintzen eta honen ondorio zuzena da 70 langile inguruk (langileen ia laurdenak) beste enpresetara alde egitea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun