Adierazi zutenez, «ez da EH Bilduko hautetsiok 0-3 zikloaren egoera eta Nafarroako Gobernuaren finantziazio eskasa salatu dugun lehen aldia». Hala, 2014ko apirilean, «Barcinaren murrizketen eta kalitatezko 0-3 zikloa bermatzeko borondate faltaren aitzinean, ziklo honi buruzko gure kezka plazaratzeko» Nafarroako Jauregiaren aitzinaldean bildu ziren oroitarazi zuten, gobernuari «neurri argiak har zitzala eskatuz, eta hezkuntza sistema publikoa eta unibertsala eraikitzea defendatuz» bildu zirela. Zortzi urte beranduago, «zoritxarrez» eta «kezka berarekin» toki horretara itzuli zirela jakinarazi zuten. Eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak egindako azken adierazpen publikoen ondotik, «berriz» eginen dutela argitu zuten.
Gobernuaren jarrera «arduragabea eta onargarria» dela salatu zuten, eta «0-3 zikloaren arazoak udalei» bideratzen dizkiela leporatu zioten. «Ez da onargarria Nafarroako Gobernuak bere erantzukizunetik ihes egin nahi izatea, ezta egoera horren zama udaletara eramatea ere».
Gisa berean, azaldu zutenez, «Hezkuntza departamentua da toki erakunde bakoitzarekin sinatzen dituen hitzarmenen bidez, haur eskolen funtzionamendua alde bakarrez definitzen duena, eta toki erakundeek ezin dute inolako gairik sartu». Hori horrela, «0-3 zikloaren eskumenak argitzeko eztabaidari lehenbailehen ekiteko» eskatu zuten atzo EH Bilduko hautetsiek, gisa horretara «kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko».