2022ko uztailaren 2an, Pirinio osoan zehar 300 gailurretik gora argiztatzeko erronka dute Kataluniako eta Euskal Herriko herritarrek. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dute Euskal Herria eta Katalunia batuz, bi herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko.
Katalan eta euskal herritarrak bat eginda
Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku gara antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la República, laguntzaile.
Katalunian eta Euskal Herrian egindako hainbat ekintza ditu aurrekari: ‘Llum i llibertat’ (2019), zeinetan Montserrateko 131 orratz argiztatu zituzten; ondorengo asteetan, ‘Argi dugu bidea’ lelopean, Euskal Herriko hainbat menditan -Aiako Harria, Txindoki eta Anboto, besteak beste-, elkartasunez egindako erreplikak; eta ‘Cims per la llibertat’ (2018).
Erronka kolektibo eta parte-hartzailea
Erronka kolektibo eta parte-hartzaile erraldoia izanen da. Pirinioetako hainbat gailur soilik mendizale trebatuek igotzeko modukoak izanen badira ere, gehien-gehienak egokiak dira edozein herritarrentzat. «Gailur bakoitza elkarlanean oinarritutako erronka kolektibo bat izanen da, eta parte hartzaile guztien segurtasuna zainduz beteko dena».
Ingurumenarekiko begirunea ere funtsezkoa izanen da proiektu honetan. Horregatik, izen-emate sistema bat jarriko dute antolatzaileek martxan, masifikazioak saiheste aldera. «Milaka eta milaka une magiko biziko ditugu, esperientzia ahaztezina izanen da: gure memorian iraungo duen mugarria».
Izena ematea nahitaezkoa da
Pirinioetako Bidean parte hartzeko izena ematea nahitaezkoa da. Izena emateak mobilizazioa antolatzeko, parte hartzen duten pertsona guztiei istripu eta erreskateetarako asegurua emateko eta ekitaldia finantzatzen laguntzeko balio du. Inskripzioa pertsonala izanen da.
Edonork eman dezake izena edozein mendi tontorretako?
Ez, edonork ezin du edozein gailurretan izena eman. Segurtasun arrazoiak direla medio, Pirinioetako Bidea erronkarako aukeratutako tontorrak bi multzotan sailkatu dira.
Alde batetik, gailur berde edo irisgarrien multzoa. Tontorren multzo horretan, izen ematea librea izanen da, eta parte hartzaile bakoitzak gailurra aukeratu ahal izanen du; hala ere, antolakuntzak gailurrak eskualdeka banatzea proposatuko du, aukeratutako puntu guztietan jendearen banaketa egokia errazteko.
Bertzetik, mendizale trebatuentzako gailur gorriak daude. Horrelako gailurretan, inskripzioa ez da librea izanen, mugatua baizik. Tontor hauetan ezin izanen da nornahi inskribatu, esperientzia duten alpinisten taldeak bakarrik inskribatu ahal izanen dira, eta antolakuntzaren bidez egin beharko dute. Mendi taldeak edo interesa duten alpinista-taldeak antolakuntzarekin harremanetan jarri beharko dira izena emateko.
Tontor bakoitzak ere ibilbidea du?
Bai. Izena eman ondotik, parte-hartzaileek erronkari aurre egiteko informazio zehatza hartu dute: mendiaren fitxa tekniko bat eta ibilbidearen proposamen bat, deskargatzeko track eta guzti. Ibilbideak aukeratzerakoan, ibilbideen segurtasuna lehenetsi da. Mugikorrentzako estaldurari eta bestelako erreferentzia erabilgarriei buruzko informazioa ere emanen da.
Zenbat jende egonen da gailurretan?
Gailur bakoitzak haren ezaugarrien araberako edukiera izanen du. Beraz, tontor bakoitzerako parte-hartzaile kopuru desberdina aurreikusten da. Tontor gorrien kasuan, parte-hartzaileen kopurua arras ttikia izann da. Tontor berde edo eskuragarrien kasuan, gehienezko kopurua 50etik 200era bitartekoa izan daiteke, eta, hainbat kasutan, handiagoa ere bai. Gailur bateko gehienezko edukiera osatzen denean, bertako inskribatzea itxi eginen da.
Segurtasun araurik egonen da?
Bai, segurtasun-arauak egonen dira mobilizazioaren egunean. Denak etxera onik itzultzea izanen da arau hauen helburu nagusia. Segurtasun-arauak aitzinerago jakinaraziko dira, eta antolakuntzak egoeraren arabera egokituko ditu.
Nola argiztatuko dira gailurrak?
Argiztatzeko bi modu nagusi aurreikusi dira. Alde batetik, indar handiko farol berezi bat, argia 40 km-ko distantziatik ikusteko aukera emanen duena; eta bertzetik, parte-hartzaile bakoitzaren kopetako linternak erabiliko dira, ezinbertzekoak gauez mugitzeko. Esku-linternak ere erabili ahal izanen dira aurrekoak indartzeko.
Eta eguraldi txarra eginen balu?
Momentuko baldintza klimatikoak eta uztailaren 2 eta 3rako Pirinioetako eremu guztietan eginen diren iragarpen meteorologikoak kontuan hartuta, antolakuntzak mobilizazioa atzeratzea ala erabat edo partzialki bertan behera uztea erabaki lezake. Parte-hartzaileen segurtasuna lehenetsiko da beti.