Info gida 2022

«Behi, ardi eta ahuntz esnea erabiltzen dugu, bertakoa eta freskoa»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 27a, 12:00

Maite Ilundain Etxeberria da Goshua esneki markaren Marketing eta Komunikazioko arduraduna

Lizasoko saralegitarrek Baserri izeneko denda ttiki bat ireki zuten 50eko hamarkadan Iruñean, eta handik sortu zen Goshua esnekien enpresa familiarra. «Jatetxeentzako esnekiak egin ohi zituzten, eta behin gaztanbera eskatu zieten. Lourdes Satrustegik, Victoriano Saralegiren emazteak, ez zuen kaikuan betiko moduan aurkeztu nahi, eta buztinezko potoetan paratu zuen, berak sortu zuen gaztanbera buztinezko ontzietan jartzeko tradizioa».

Gaztanbera da markako produkturik «enblematikoena», baina bertze hainbat esneki ere saltzen dituzte, ardi, behi eta ahuntz-gasnarekin egindako produktuak; «arroz esnea, natillak, jogurtak, ardi eta ahuntz-jogurtak… eta erabiltzen dugun esne guztia freskoa eta bertakoa da». Iberiar penintsula osoan saltzen dituzte produktuak, «baina ekoiztutakoaren %30a 20 herrialde baino gehiagotara esportatzen dugu, Lituaniara eta Marokora, adibidez».

Interneteko presentziaren garrantzia nabarmendu du Ilundainek; «gaur egun bezeroengana ailegatzeko ezinbestekoa da ongi komunikatzea eta markak merezi duen edukiak sortzea». Gainera, Postrearen Kluba izeneko ekimen bat hasi dute, «postrearen garrantzia» aldarrikatzeko; «eduki esklusiboak, errezeta-liburuak, show cookingak eta bertze hainbat ekitaldi egiten ditugu, eta 2.000 lagun inguru daude klubean. Markaren irudia eta web orria zaintzen ditugu, baina baita gure kontsumitzaileak ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun