Udaberriko erakusleihoa berritu dute Berako eta Doneztebeko zenbait komertziok

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 26a, 18:00

Larun Haizpek, Cederna Garalurrekin elkarlanean egindako ikastaroan parte hartu dute eta Marta Pineda izan dute irakasle

«Ahaleginak egiten ditugu gure herriak leku hobeak izan daitezen». Xede horrekin eta saltokia hobetzeko, Salmenta puntuaren diseinua: Udaberriko erakusleihoaren egitea ikastaroa antolatu eta egin du Berako Larun Haizpe elkarteak, Cederna Garalurrekin elkarlanean eta Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren finantziazioarekin. Gure inguruan Elgorriagako Artzainaren Museoa diseinatzeagatik eta antolatzeagatik ezagun egin den Marta Pineda andaluziarra izan dute irakasle.

Larun Haizpe elkarteak antolatua izanagatik, Baztan-Bidasoko komertzio guztiei zabaldu diete deialdia. Doneztebeko Kimetz belar dendak erantzun dio deialdi horri, baina gainerako parte-hartzaile guztiak Berakoak izan dira: Oinatz zapata denda, Martzutzak arropa denda, Igone liburu denda, Xulufraia arropa denda, Xarma estatika Zela Kirolak kirol denda, Arturo arropa denda eta Sustrai belar denda.

Joan den urteko azaroan alde teorikoa landu zuten eta 2022ko martxoan eta apirilean alde praktikoa, eta biei esker, udaberriko erakusleiho dotoreak apaindu dituzte. Batzuk bi zatiak eta bertze batzuk bakarra egin dute. Bi zatiak osatu dituzten komertzioek egin dituzte udaberriko erakusleihoak. Gustura daude ikastaroak emandakoarekin eta erakusleihoen itxura berriarekin eta beharbada, azaroan errepikatuko lukete: «Horretarako komertzio gehiago animatzea nahiko genuke, ez Berakoak bakarrik, baita Lesaka, Doneztebe eta Elizondokoak ere».

Marta Pineda irakasleak aipatu duenez, «ezin zaio bezeroari denda batera sartzera behartu, baina bai komertzio hori horretara sartzeko motibazioa eman. Erakusleihoak produktua erakusteaz gain, salmenta puntua dinamizatu egiten du. Bada uste oker bat, dendariak dendan eseri eta bezeroak sartzeko esperoan egoten direla dioena, baina hori ez da horrela: denda ttikiek ezin dute azalera handiekin edo etxetik internet bidez erosteko erosotasunarekin konpetitu, baina bai beraien giza baliabideekin, hurbiltasunarekin, arretarekin, aholkularitzarekin, erosketa esperientziarekin… horiek bertzeek ezin dute eskaini»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun