Baztan-Bidasoko XXXV. Bertso-paper lehiaketara lanak aurkez daitezke dagoeneko

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 26a, 07:00
Sari banaketa maiatzaren 27an eginen dute Berako Kultur Etxean.

Bertsoak apirilaren  25etik maiatzaren 6ra aurkezten ahal dira

Bortzirietako Bertso eskolak eta Berako kultur Batzordeak, Baztan-Bidasoko 35. Bertsopaper lehiaketa antolatu dute, Baztan-Bidasoa inguruan bizi direnentzat. Euskarazko, jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dituzte bakarrik eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria.

Ohi bezala, parte hartzaileak lau mailatan banatu dituzte: A maila: 10 urte artekoak. Bertso bat edo bi kopla osatu beharko dituzte. Saria: trofeoa eta 50 euro irabazleak eta trofeoa eta 30 euro bigarrenak. B maila: (11-14 urte) Bi bertso edo lau kopla egin behar dituzte gutienez. Saria: trofeoa eta 100 euro irabazleak eta trofeoa eta 70 euro bigarrenak. C maila: (15-18 urte) lau bertso osatu beharko dituzte guttienez. Saria: trofeoa eta 150 euro lehenbizikoak eta trofeoa eta 120 euro bigarrenak. D maila: 18 urtetik goiti. Guttienez 8 bertso egin beharko dituzte. Saria: trofeoa eta 200 euro garaileak eta trofeoa eta 150 euro bigarrenak.

 

Bidalketa epea: apirilaren 25etik maiatzaren 6ra

Bertsoak bi modutan entregatu ahalko dira, apirilaren 25etik maiatzaren 6ra, paperean edo posta elektronikoz:

Paperean, helbide honetara bidali behar dira:

Berako kultur etxea
Baztan-Bidasoko XXXV. Bertsopaper Lehiaketa
Eztegara pasealekua, 11
31.780 BERA (Nafarroa)

Posta elektronikoz kultura@bera.eus helbidera bidali beharko da. Artxiboak soilik PDF formatuan onartuko dira. Gaian, Baztan-Bidasoko XXXV. Bertso Paper Lehiaketa paratu behar da. Mezuaren gorputzean ondoko datu hauek paratu behar dira (datu guztiak paratzea ezinbertzekoa da): izen-abizenak, maila, adina, bertsoaren izenburua eta telefonoa. PDF artxiboan soilik, izenburua, maila eta bertsoa azaldu behar dira, eta ez da izen-abizenik agertu behar.

 

Epaimahaikideak

Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du, eta honen erabakia ezin izanen da gibelera bota. Epaimahaiak sariak hutsik utzi ahalko ditu, edo aipamen bereziak eman.

 

Sarien banaketa

Sariak maiatzaren 27an ortziralea 18:00etan Berako kultur etxean banatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun