Lekunberriko lehen jardunaldian, emakumezkoak 255 kilotan eta gizonezkoak 320 kilotan lehiatu dira. Gizonezkoetan, Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak, Amaiur izan zen bigarren, Txantrea hirugarren, Berriozar laugarren eta Antsoain bosgarren. Emakumezkoetan ere Beti Gazte izan zen nagusi, Antsoain bigarren, Txantrea hirugarren, Amaiur A laugarren, Amaiur Bk eta Araxes Ak berdindu egin zuten bosgarren postuan eta Araxes B zazpigarren izan zen. Pisu hauetako bigarren jardunaldia maiatzaren 7an jokatuko dute Antsoainen eta bertan banatuko dituzte txapelak.
Txapelketa mistoa apirilaren 30ean Lesakan
Tartean, apirilaren 30ean Lesakan txapelketa mistoa jokatuko dute (280 kilotan). Amaiurrek hiru talde aterako ditu, bina Beti Gaztek eta Berriozarrek eta bana Antsoainek eta Araxesek.
Gizonezkoak eta emakumezkoak pisu arinean
Maiatzaren 14an, Betelun, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) lehen jardunaldia eta 20 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte. Emakumezkoen pisu arinean, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Araxes A, Araxes B, Berriozar eta Txantrea ariko dira. Gizonezkoen pisu arinean, berriz, Amaiur, Berriozar eta Txantreak bina talde aterako dituzte eta Beti Gaztek eta Antsoainek bana.
Maiatzaren 21ean jokatuko dute hondarreko jardunaldia Berriozarren. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez beheitikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finalak izanen dituzte.