Sagardoaren Txapelketa ETBko 'Erremontari' saioarekin bueltan da astelehenetik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 22a, 20:00
Sagardoaren Txapelketan parte hartuko duten erremontista gehienak eta sagardotegietako ordezkariak aurkezpenean.

Hamabi erremontista ariko dira sei bikotetan banatuak eta tartean daude Aritz Zubiri goizuetarra, Josetxo Ezkurra doneztebarra eta Aritz Juanenea saldiastarra

XII. Sagardoaren Txapelketa aurkeztu zuten apirilaren 20an Galarretan eta iaz izan zuen arrakasta ikusita, aurten ildo beretik segituko du txapelketak. ETB1eko Erremontari saioaren barrenean jokatuko da, aurten ere, txapelketa astelehenero, apirilaren 25an hasi eta ekainaren 20an bukatuta finalarekin.

Bigarren urtez segidan tradizioa eta modernitatea uztartuko dira Galarreta frontoian eta aurten gainera ikusleak izanen dira. Tradizioa kirola bera da, xextoak, pilotak, frontoia berak irudikatzen dute eta modernitatea saioan zehar eskainiko diren irudiak kamera berezien bitartez eta saio baten barruan jokatzeak berak. Harmailetan ikusleek kolorea emango diote txapelketari eta noski, giroa ere bai.

Saioan, Sagardoaren txapelketa guztia emititzeaz gain elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Apirilaren 25etik aitzinera, astelehenero gauetan ETB1en eskainiko dute.

Zazpi jardunaldi, finalerdiak eta finala

Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte: Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Urriza-Zubiri (Larre-Gain), Aldabe-Larrañaga (Bereziartua), Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta), Segurola-Azpiroz (Petritegi) eta Ansa II-Juanenea (Setien). 

Txapelketaren formatuan, denak denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta bi bikote kanporatuak izanen dira.

Partidu guztiak 30 tantora jokatuko dira eta sailkapena puntuen bidez erabakiko da. Garaileak lau puntu batuko ditu, 29-27 tantu artean geratzen denak bi, 26tik-24 tantora puntua, 23tik 17 tantura punturik ez eta 16 edo gutxiago tanto egina puntu negatiboa. 

Finalerdiak ekainaren 13an jokatuko dituzte eta lehenengo sailkatua laugarrenaren kontra ariko da eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Garaileak ekainaren 20ko finalean elkartuko dira txapela erabakitzeko. 

Astelehenero bi partidu jokatuko dira eta lehenengo jardunaldia, apirilaren 25ean izanen da.

Bigarrena maiatzaren 2an jokatuko da. Hirugarrena maiatzaren 9an. Laugarrena maiatzaren 16an. Bosgarrena, maiatzaren 23an. Seigarrena, maiatzaren 30ean. Zazpigarrena, ekainaren 6an. 

Urriza-Zaldua (Bereziartua) izan ziren pasa den urteko garaileak finalean Ansa II-Labaka (Setien) 30-22 garaitu eta gero. 

Aurtengo txapelketak maila altuagoa izanen du Ezkurra II, Azpiroz eta Aldabe bezalako erremontistak txapelketan sartu eta gero. Binakako Txapelketaren mailakoa edo altuagokoa izanen da eta ikuskizuna ziurtatuta egonen da. 

Aurkezpenean egon ziren bikote guztiak, Xabi Gonzalez Oriamendi 2010ko gerentea, Joseba Urkiola ETBko kirol zuzendaria, Peio Gartziandia Oronako ordezkaria, sagardotegi guztietako ordezkariak eta Donostia Turismoko arduradunak ere bai. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun