Kontzentrazioa deitu du GKSk Lesakako plazan maiatzaren 1ean

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 21a, 17:00

Langileen egunaren bueltan hainbat solasaldi antolatu dituzte eskualdean

'Krisi garaietan, gure hautua sozialismoa!' lelopean Langileen Nazioarteko egunean kontzentrazioa egiteko deialdia egin du Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Gazte Koordinadora Sozialistak. Maiatzaren 1ean 12:30ean Lesakako plazan elkartuko dira.

Koordinadorako kideek adierazi dutenez, «kapitalismoaren krisi estrukturala bizitzen ari gara eta ameskeria da orain dela 15 urteko bizi maila berreskuratuko dugula pentsatzea. Dakigun moduan, krisi kapitalista garaietan, burgesiak beraien irabaziak mantendu ditzaten, langileon bizi maila jaistea izaten da hartzen duten neurria. Hagitz agerikoa da hau gaur egunean, bizitzaren arlo ezberdinetan ematen ari den garestitzearen bidez; bertzeak bertze, elektrizitatean, gasolinan edota elikagaietan ematen ari den prezioen igoera, soldatak berdin mantendu edo aunitzez modu apalagoan igotzen diren bitartean.

Neurri ekonomiko hauek, gainera, neurri politikoen eskutik etortzen dira. Estatuak forma gero eta autoritarioagoa hartzen ari dira, gure eskubideak etengabe murriztuz, kontrol soziala areagotuz... aipaturiko neurri ekonomikoek ez dezaten langileon matxinadarik ekarri eta norberak bere kabuz egin dezan aitzinera ahal duen moduan, langileok gure antolakuntza propiorik garatu ez dezagun. Eta hau ez da alderdi bat edo bertze gobernura iritsiz aldatzen, kapitalismoaren joerak baitira eta estatura ailegatzen den alderdi oro beharturik aurkitzen baita burgesiaren interesetako neurriak hartzera. Faxismoaren hazkuntza ere ikusten dugu Europa guztian zehar. Langileon antolakuntza independentea oztopatzen duten bitartean, faxistak antolatzea onartu eta sustatu egiten baitu burgesiak.

Guzti honen aitzinean, beharrezkoa da langileon antolakuntza independentea sustatzen jarraitzea, enpresari handien eta politikari profesionalen kontrolpetik kanpo antolatuko den eta langileon interesak defendatuko dituen mugimendu berri bat sustatzea. Bide horretan, maiatzaren 1an “krisi garaiotan, gure hautua sozialismoa!” lemapean mobilizatzeko deia luzatzen diogu Bortziri, Malerreka eta Baztango langile guztiei, 12:30etan Lesakako plazan burutuko dugun kontzentrazioan parte hartuz. Langileriaren historia iraultzailean hain garrantzitsua izan den data hau berriz ere erdigunean jarri nahi dugu, opor egun huts izatetik urrun, langileok gure borrokei bultzada bat emateko egun garrantzitsu batean bilakatu dadin berriz ere».

Hitzaldiak apirilean

Honez gain, maiatzaren 1eko testuinguruan hainbat mintzaldi antolatu dituzte apirilean. Bihar, apirilaren 22an, 'Prezioen gorakada, inflazioa… Zer ari da gertatzen?' solasaldia eginen dute Elgorriagako ostatuan 19:00etan. Apirilaren 29an Koordinadora aurkezteko 'GKS. Zer da? Ze helburu ditu?' solasaldia izanen da Berako Beralandetan 17:00etan. Apirilaren 30ean, berriz, 'Post-Covid mundua' mintzaldia eginen dute 11:00etan Lesakako gaztetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun