Nafarroako launakako sokatira txapelketa larunbatean abiatuko da Lekunberrin

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 21a, 16:00

Beti Gazteko emakumeak, joan den urteko txapelketan.

Amaiur eta Beti Gazte izanen dira eskualdeko ordezkariak, gizonezkoen eta  emakumezkoen kategoria guztietan eta txapelketa mistoan eta Amaiurrek kadete mailan ere laukotea aterako du

Nafarroako 4x4ko Sokatira txapelketa hasiko da apirilaren 23an, larunbatean, Lekunberrin. Lesakako Beti Gazte eta Amaiur izanen dira eskualdeko ordezkari, gizonezkoen, emakumezkoen zen kategoria mistoko kategoria guztietan parte hartuz. Gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria bakoitzeko bi jardunaldi jokatuko dituzte eta mistoan, aldiz, bakarra. Bigarren jardunaldia apirilaren 30ean jokatuko dute Lesakako udal pilotalekuan (17:00).

Lekunberriko lehen jardunaldian, emakumezkoak 255 kilotan eta gizonezkoak 320 kilotan lehiatuko dira. Gizonezkoetan, Beti Gazte eta Amaiurrekin batera, Antsoain, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira. Emakumezkoetan, berriz, Amaiurrek bi laukote aterako ditu, Araxesek bezala. Beti Gazte, Antsoain eta Txantrea ere lehiatuko dira. Kategoria hauetako bigarren eta hondarreko jardunaldia maiatzaren 7an jokatuko dute Antsoainen eta bertan banatuko dituzte txapelak. 20 urtez azpiko eta kadete mailako lehen jardunaldia ere orduan jokatuko da. Amaiurrek taldea aterako du kadete mailan.

Txapelketa mistoa apirilaren 30ean Lesakan

Tartean, apirilaren 30ean Lesakan txapelketa mistoa jokatuko dute (280 kilotan). Amaiurrek hiru talde aterako ditu, bina Beti Gaztek eta Berriozarrek eta bana Antsoainek eta Araxesek.

Gizonezkoak eta emakumezkoak pisu arinean

Maiatzaren 14an, Betelun, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) lehen jardunaldia eta 20 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte. Emakumezkoen pisu arinean, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Araxes A, Araxes B, Berriozar eta Txantrea ariko dira. Gizonezkoen pisu arinean, berriz, Amaiur, Berriozar eta Txantreak bina talde aterako dituzte eta Beti Gaztek eta Antsoainek bana.

Maiatzaren 21ean jokatuko dute hondarreko jardunaldia Berriozarren. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez beheitikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finalak izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun