Baztan-Errekako laxoa txapelketaren 42. edizioa abiatu da

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 19a, 15:00
Arraiozko plazan jokatu dute txapelketako lehen partida eta Doneztebeko Bear-Zanan jokatuko dute azkena.

Hamar talde lehiatuko dira abuztuaren 6an Donezteben jokatuko den finalerako txartelaren bila eta lehen jardunaldiko partida Irurita Olarik irabazi dio Arraioz Zubiondoa taldeari Arraiozen 

Laxoa Elkarteak antolatutako Baztan-Errekako Laxoa Txapelketako 42. edizioa abiatu da dagoeneko. Berez, datorren asteburuan jokatzekoa da lehen jardunaldia, baina Pazko Astelehena aprobetxatuz, lehen partida jokatu zuten Arraiozen. Arraioz Zubiondoak 7-9 galdu zuen Irurita Olariren kontra. Denera hamar talde ariko dira abuztuaren 6an Donezteben jokatuko den finalerako txartelaren bila eta aurten Mariezkurrena eraikuntza enpresaren babesa izanen duela azpimarratu du Laxoa Elkarteak.

Hamar talde horietatik lau Doneztebekoak dira, hiru Iruritakoak, bi Arraiozkoak eta Oizko bat. Hamar taldeak bi multzotan banatu dituzte lehen fase honetan.

A multzoan Arraioz Sagardia (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Jon Gamio eta Miguel Maritorena), Doneztebe Apeztegia (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Iban Santesteban eta Joseba Juanena), Doneztebe Titi (David Mitxeo, Eloi Garcia, Erik Garcia eta Imanol de Rueda), Irurita Migelene (Xabi Barberena, Gorka Urtasun, Jagoba Ramos eta Egoitz Prim) eta Oiz (Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Laurendi Zelaieta eta Ugutz Zelaieta) ariko dira.

B multzoan, berriz, Arraioz Zubiondoa (Josu Etxandi, Aitor Zubigarai, Urki Etxandi eta Aritz Alunda), Doneztebe Ameztia (Josu Juanena, Julen Etxebeste, Iñami Maylin eta Xabier Ibarrola), Doneztebe The Moment (Koldo Legarra, Javier Bertiz, Paskual Bertiz eta Julen San Miguel), Irurita Arkupe (Jon Sagaseta, Beñat Mariezkurrena, Hegoi Iturregi eta Xuban Iturregi) eta Irurita Olari (Iñigo Dendarieta, Iñaki Azpiroz, Mikel Sagaseta eta Oinatz Jauntsaras) ariko dira.

 

Final laurdenak eta finalerdiak uztailean, finala abuztuaren 6an Doneztebeko Bear-Zanan

Lehen fasean, multzo bakoitzeko lau lehenbizikoak sailkatuko dira uztailaren 2-3an eta uztailaren 10-11n jokatuko dituzten final laurdenetarako. Bi multzotako tadeak gurutzatuko dira sailkapenaren arabera, lehenbizikoak laugarrenen kontra eta bigarrenak hirugarrenen kontra. Irabazkeek finalerdiak uztailaren 17-18 eta 24-25eko asteburuetan jokatuko dituzte eta final handia abuztuaren 6an Doneztebeko Bear-zana plazan.

 

Lehenbiziko eta bigarren jardunaldia asteburu honetan

Apirilaren 22an lehen jardunaldia

A multzoa

Irurita Migelene – Doneztebe Titi

Arraioz Sagardia – Doneztebe Apeztegia

Atsedena: Oiz

B multzoa

Doneztebe The Moment – Irurita Arkupe

Arraioz Zubiondoa, 7 – Irurita Olari, 9, astelehenean jokatua.

Atsedena: Doneztebe Ameztia

 

Apirilaren 23-24an bigarren jardunaldia

A multzoa

Doneztebe Titi - Arraioz Sagardia

Doneztebe Apeztegia - Oiz

Atsedena: Irurita Migelene

B multzoa

Doneztebe Ameztia - Doneztebe The Moment

Irurita Arkupe - Irurita Olari

Atsedena: Arraioz Zubiondoa

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun