«Hemen gaude. Zutik. Milaka gazte batu gara egunotan Zugarramurditik Elizondorako bidean. Independentziarako gogoak zutik jarri gaitu. Eta zutik jarri dugu Baztan. Bertze behin ere, elkarrekin gauza ttiki-handi aunitz posible direla demostratu dugu gazteok». Halaxe adierazi zuen Ernaik larunbat ilunabarrean egindako ekitaldi nagusian.
«Borrokara ez dira garai errazak», aipatu zuten, «bakarrik sentitu» direlako, «isolatuta», baina horren gainetik, «euskal gazteria zutik» dagoela aldarrikatu zuten eta «herri honen burujabetza beharra inoiz baino agerikoagoa» dela iritzita, «independentziarako aldarria lau haizetara zabaltzeko» deia egin zuten: «Gazte independentistak aktibatu, saretu eta biderkatzeko ardura eta erronka dugu. Euskal Errepublika baten aldeko nahia eta borondatea batu behar dugu, balio eraldatzaileak oinarri izanda. Independentistak baikara abertzaleak garelako, independentistak gara feministak garelako, sozialistak, ekologistak, antifaxistak, euskaltzaleak. Eta zapalkuntzarik gabeko mundu bat nahi dugulako bihurtuko dugu Euskal Errepublika errealitate».
«Txikitik eta umiltasunez, baina harro», «gogoz eta indartsu» daudela adierazi zuen Ernaik, «lan handia dugulako egiteko. Hala egin dugu bederatzi urtez. Ez gara inoiz geldirik egon. Eta segida luze baten hariari tiraka ailegatu gara honaino». Hala, borrokarako deia eginez bukatu zuten ekitaldia: «Ongi egindakoak eta gaizki egindakoak, guztietatik ikasita, zutik dago Euskal Gazteria. Bihartik aitzinera, segi dezagun borrokan».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!