Ostatuak eta jatetxeak legez behartuta daude bezero guztiei grifoko ura doan eskaintzera

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 12a, 07:45

Joan den larunbatean argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean Ekonomia Zirkular baterako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuen Legea. Eta lege honek xedatzen dituen bertze hainbat konturen artean bada bat aipagarria: hemendik aitzinera ostalaritzako establezimenduek, Hego Euskal Herrikoek barne, dohainik eskaini beharko diete grifoko ura hala eskatzen duten bezero guztiei. Helburua: ostalaritzako establezimenduetan erabilera bakarreko botilen erabilera murriztea.

Erran bezala, araua pasa den larunbat honetan argitaratu zuen Estatuko Aldizkari Ofizialak eta igandean bertan sartu zen indarrean ekonomia zirkularra sustatzeko neurri fiskalei dagokienez izan ezik. Izan ere, lege honek bi zerga berri ekarriko ditu: erabilera bakarreko plastikoen ekoizpena arautuko duena batetik, eta hondakinak zabortegian uztearena bertzetik. Lege honen azken helburua: hondakin gutiago sortzea eta saihestu ezin diren hondakinen kudeaketa hobetzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun