Ados pilota elkartearen Malerrekako erronka larunbatean abiatuko da Ezkurran

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 8a, 10:00
Malerreka Erronkan jokatuko duten hamabi pilotarietatik zortzi, atzo Doneztebeko Bear-Zana pilotalekuan. Argazkia: Ondikol

Zazpi asteburutan emakume profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dituzte zazpi herritan, Malerrekako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuetako Berdintasun Batzordearen eskutik. Ados pilota elkarteak eta Malerrekako Mankomunitateak, Malerrekan errespetuzko harremanak kanpainaren barrenean, Malerrekako Erronka pilota txapelketa antolatu dute, zazpi herritako udalen eta Doneztebeko Santamaria jatetxearen eta Ttipi-Ttapa Fundazioaren laguntzarekin.

Berriki jokatu duten txapelketan egin duten bezala, amen abizenekin jokatuko dute Ados pilota elkarteko emakumeek Malerrekako erronka ere. Jaialdi bakoitzean eskuz binaka eta lau eta erdiaren barrenean banaka partida bana jokatuko dituzte. Eskualdeko pilotari gaztetxoei ere lekua eginen diete jaialdietan. Honela, apirilaren 9an, larunbatean 19:00etan, Ezkurrako pilotalekuan ariko dira Xaruta (Ruiz de Larramendi, Iantzi eta Aldaregia) eta Mendaur (Arrieta, Oses eta Mujika). Aitzinetik, 18:00etan pilotari gaztetxoak ariko dira: Goiuri Zabaleta leitzarra eta Janire Sotil, Leire Oskoz eta Nahia Bertiz sunbildarraren kontra ariko dira.

Jon Telletxea, Maite Mujika eta Naroa Etxekolonea, aurkezpenean.

Jon Telletxea, Malerrekako Mankomunitateko presidenteak adierazi zuenez, «Mankomunitatean hainbat urte daramazkigu berdintasunaren alde eta prebentzioan lan egiten eta hainbat ekitaldi antolatzen. Aurten, kirolarekin lotutako zerbait egin nahi genuen eta pilota ere hain gurea den kirola denez, Ados elkartearekin elkarlanean antolatu dugu zazpi herritara ailegatuko den txapelketa hau, berdintasunaren eta prebentzioaren helburu horretan . Eskerrak eman behar diogu Ados pilota elkarteari eta prebentzio batzordean lanean aritu diren guztieri».

Naroa Etxekolonea pilotari zubietarrak bereziki eskerrak eman nahi izan zizkion Malerrekako Mankomunitateari Ados pilota elkartea kontuan hartu izanagatik horrelako txapelketa baterako. «Emakume pilotari profesionalen lehenbiziko elkartea da Ados pilota eta guretzat inportantea da hemen partidan jokatzea, gure inguru hau pilotazalea da eta partidak bertan jokatzeko eta ikusteko aukera polita da».

Pilotariak Doneztebeko Santamaria jatetxean egindako aurkezpenean.

 

Maite Mujikak txapelketaren nondik norakoen berri eman zuen. Aldi berean, emakumeen pilota plazara ateratzearen garrantzia azpimarratu zuen, «ez baita gizonen kirola bakarrik, duela ehun urte aritzen ziren emakumeak, orain ere ari gara eta etorkizunean ere ariko dira. Aurtizko eskolan 24 neska ari dira eta bada etorkizuna. Ilusioz ari dira lanean eta oinordekotza segurtatua dugu».

Txapelketari dagokionez, bertako mendien izena duten lau taldetan banatutako hamabi emakume ariko direla aipatu zuen. Jardunaldi bakoitzean binakako partida bat 22 tantora eta lau eta erdiko partida 18 tantora jokatuko dituzte profesionalek eta eskualdeko pilotari gaztetxoek ere izanen dute beraien aukera.

 

Taldeak

Ekaitza: Iera Iturriaga leitzarra, Naroa Etxekolonea zubietarra eta Ane Mendiburu zubietarra

Mendaur: Arrieta, Oses eta Mujika

Axkin: Orbegozo, Ruiz de Infante eta Naroa Agirre

Xaruta: Ruiz de Larramendi, Irantzu Iantzi beratarra eta Aldaregia.

 

EGUTEGIA

Ezkurra, apirilaren 9an, larunbatean 19:00etan

Xaruta – Mendaur

Donamaria, apirilaren 17an, igandean 19:00etan

Xaruta – Ekaitza

Legasa, apirilaren 23an, larunbatean 19:00etan

Axkin – Xaruta

Saldias, maiatzaren 1ean, igandean 12:00etan

Ekaitza – Mendaur

Urroz, maiatzaren 6an, ortziralean 19:00etan

Mendaur – Axkin

Zubieta, maiatzaren 15ean, igandean 12:00etan

Ekaitza – Axkin

Finala maiatzaren 22an jokatuko dute Sunbillan, 12:00etan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun