Leitza-Goizueta errepideko bi bihurgune zabalduko dituzte ikuspena eta segurtasuna hobetzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 7a, 11:00
Goizueta eta Leitzako Basakabi arteko errepidean bi bihurgune zabalduko dituzte.

Nafarroako Gobernuak premiazkotzat jo du 360.518 euroko aurrekontua duen jarduketa honen eraginpeko ondasun eta eskubideen okupazioa, 4,780 eta 4,970 kilometro artean eginen dena

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, galtzada zabalduko du NA-4150 Leitza-Goizueta-Hernani errepideko bi bihurgunetan, ikuspena eta bide-segurtasuna hobetzeko. Nafarroako Gobernuak, atzoko bilkuran, erabaki zuen premiazkotzat jotzea 4,780 eta 4,970 kilometro-puntuetan (Goiko Zentralaren gainean) dauden bi kurba horiek hobetzeko obrek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Bi bihurguneen birmoldaketak Ezkurrako herri-lurretan izango du eragina, batez ere. Zehazki, 1.796 metro koadroko azalera okupatuko da. Jarduketaren aurrekontua 360.518 eurokoa da.

Jardueraren xehetasunak

NA-4150 errepidea oso bihurgunetsua da, eta Urumea ibaiarekiko paraleloan doa. Gaur egungo galtzadak, jardun beharreko bi errepide-zatietan, ez du baldintza egokirik, zabalera estua baitu eta oso erradio txikiak baititu.

Jarduketa errepidea zabaldu eta hobetzean datza, bi bihurgune zehatzetan, gutxi gorabehera 5 metroko galtzada-zabalera dutenak. Jarduketa berriarekin, galtzadaren zabalera handituko da, zirkulazioa eta ikuspena hobetuz.

Lehenengo bihurgunean, 10 metroko erradioa du eta 4,780 kilometroan dago, hobekuntza-jarduketari esker, gainzabalera emango zaio ibilbide osoan, eta 7,40 metro inguruko zabalera izango du gehienez.

Bigarren bihurgunean, 14 metro inguruko erradioa du eta 4,97 kilometroan dago, gainzabalera emango zaio ibilbide osoan, 6,50 metro inguruko zabalerara iritsiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun