Amaiur-Txantrea txapeldun Nafarroako herri kirol jokoetako kadete mailako sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 5a, 14:00
Amaiur-Txantrea taldeak irabazi du kadete mailako sokatira txapela, jardunaldi guztietan nagusitu ondotik.

Igandean Igantzin jokatutako jardunaldian nagusitu arren, kadete mailako proba konbinatuan txapeldunorde izan zen herriko taldea eta hirugarren Amaiur-Menditarrak eta haur mailan proba konbinatuko finalerako txartela lortu zuten Igantzi eta Menditarrak taldeek

Nafarroako Herri kirol Jokoetako laugarren jardunaldia jokatu zen igandean Igantzin eta kadete mailako txapelak ere bertan banatu zituzten. Eskualdeko kirolariak bikain ibili ziren eta kadete mailan, sokatiran txapeldun suertatu zen Amaiur-Txantrea taldea, Andra Mari eta Antsoainen aitzinetik. Lau jardunaldietan garaile suertatu dira Amaiurko eta Txantreako kirolariak. Kadete mailako proba konbinatuan ere Igantziko taldea nagusitu zen herrian eta sailkapen orokorrean lehen postuan berdindu egin zuen Antsoainekin, hogeita bana punturekin. Baina lau jardunaldietako denboren batura egin ondotik, 31 segundogatik Antsoainek eraman zuen txapela. Amaiur-Menditarrak taldea bigarren izan zen Igantziko jardunaldian eta hirugarren sailkapen orokorrean.

Kimu mailan eta haur mailan, heldu den igandean Betelun jokatuko den finalean zein izanen diren erabaki zen. Haur mailako proba konbinatuan Igantziko taldea nagusitu zen eta finalean izanen da, Araxes, Menditarrak eta Antsoaingo taldeekin batera. Kimu mailako proba konbinatuan, aldiz, 21 taldeen artean Igantziko bi talde, Menditarrak eta Basaburukoa lehiatu ziren, baina ez zuten finalerako txartelik lortu. Andra Mariko bi talde, Araxes eta Antsoaingoa izanen dira finalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun