EH Itzulia 2022

Egurrean ekin dio Roglic-ek; erlojupekoa irabazi du, eta tarte handiak lortu

Andoni Urbistondo / Aiurri 2022ko api. 5a, 06:34

Remco Evenepoel-ek bakarrik egin dio aurre esloveniarrari. Roglicek 18 segundo kendu dizkie Thomas, Adam Yates eta Vlasov-i, 20 Ion Izagirre eta Vingegaard-i, eta 29 Pello Bilbaori.

Euskal Herriko Itzulia hasi bezain pronto bukatu ote da? Arriskua bai, Primoz Roglicek sekulako kolpea eman baitu Hondarribiko erlojupekoan. 7.2 kilometroko lan saio laburra izanagatik tarte handiak lortu ditu esloveniarrak, eta orain aurkari guztiek izan beharko dute arriskuak hartu eta erasora jo beharko dutenak. Roglic, baina, indartsu dago, eta bere taldea, Jumbo-Visma ere bai, eta oso zaila izango da eskiatzaile hegalaria bere aldaretik jaistea. Aurkari bakarra izan du etapa lortzeko borrokan Roglic-ek, Remco Evenepoel, baina erlojupekoa teknikoa zen, batez ere bigarren zatian, jaitsiera bihurgunetsua eta harbide arriskutsuarekin. Hor joan zaio etapa Golden Boy Remco-ri. Edo irabazi du Roglic-ek, Evenepoel baino hobeto jaisten delako, edo gehiago arriskatu duelako.Podiuma zabalik dago, Roglic-ek antzeko aldeak atera baitizkie aurkari denei. Geraint Thomas, Adam Yates eta Vlasov 18 segundora, Ion Izagirre eta Vingegaard taldekidea 20ra, eta Pello Bilbao 29ra. Itzuli osoa geratzen da, non jo soberan, baina Roglic oso sasoi puntu onean iritsi da Euskal Herrira, eta nekez jaitsaraziko dute lidergotik. Etapa garaipena lortuta itzulia hasi besterik ez dela egin esan du garaileak, ez duela ezer egin, baina asko egin du. Aurkariak beldurtu, eta «hemen nago» esan ozen.

Oilarren artean, Adam Yates-ek markatu du aintzat hartzeko lehen denbora ona: 10.06. Bihurguneetan arriskatzen ikusi zaio ingelesari, eta itzukia irabazteko asmoz etorri dela erakutsi du. Bere taldekide eta herrikide Geraint Thomas-ek hartu dio aurrea, 16 ehunekorengandik, eta Vlasov errusiarra ere gertu helmugaratu da, G galestarrarengandik 23 ehunenekora. Remy Cavagnak, Clermont-ek TGV edo Abiadura Handiko Trenak hautsi du kronoa, denbora 10.04an pausatuz. Frantziarrak 58 hortzeko platerarekin osatu du 7.2 kilometroko erlojupekoa, hain zartagin handia erabili duen bakarretakoa.Biharko etapa Itzuliko luzeena izango da, 207 kilometro Nafarroako Leitza eta Viana herrien artean, baina aldi berean denetan suabeena. Irten eta berehala Uitzi gaina igoko dute, eta Lekunberrira iritsita, Zuarrarrate, Sakanara sartzeko. Ihesaldia egiteko mendate aproposak. Ondoren Lizarraga igoko dute, bigarren mailakoa, eta handik aldeko ibilbidea, 100 kilometrotan ia. Vianako helmugatik pasako dira, itzuli bat egiteko Aguilar Kodes gainean barrena, eta Vianara bueltatzeko. Ez dago txirrindulari azkar asko tropelean, ihesaldiak arrakasta izan dezake bertan ziklista indartsuak sartzen badira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun