Iazko otsailean abiatu zuten lankidetza, eta geroztik hiru hilabetetik behin biltzen dira. Bilera horietan azkena egin zuten Beran, pasa den astelehenean eta bertan bildu ziren aipatu udaletako hautetsiak zein teknikari eta suhiltzaileak ere.
Orain arteko bileretan, suteen kontrako babesa, artzaintza eta abeltzaintza, ehiza, larreak, basoa eta landaketak, herri lurren kudeaketa, aisialdia mendian, bioaniztasuna, ondarea, mendiko ordenantza eta araudiak… landu dituzte bertzeak bertze. Azken bileran, aldiz, artzaintzaren inguruko diagnostikoa partekatu zuten.
Berako Udaletik jakinarazi dutenez, «hagitz positiboki» baloratzen dituzte lan saioak: «Mugaz bi aldeetako herrien arteko harremanak sendotzen ari gara, eta partekatzen dugun mendia eta natur ondarea modu jasangarrian erabili eta kudeatzeko bidean, aurrerapausoak ematen ari gara».