Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek gutxienez 37 milioi euro mobilizatuko dituzte aurten Nafarroako herri guztietan zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko. Zenbateko horretatik % 80a Nafarroako Gobernuak jarriko du, Toki Azpiegituren Plan berriaren esparruan. Hala eman zuen jakitera martxoaren 24an, ortzegun goizean Toki Administrazioko zuzendari nagusia den Jesus Maria Rodriguezek Burlatako kultur-etxean egin zen bileran; bertan parte hartu zuten plan berri hau aurkezteko toki entitate ezberdinetako ordezkariek eta langileek ere.
2022rako lehenetsitako 28 inbertsio
2022 ekitaldi honetarako, salbuespen gisa, Toki Azpiegituren Planak jarduketak exekutatuko ditu soilik bere lerroetako bitan: Inbertsio Programak (15 milioi) eta Erabakitasun Askeko Programa (15 milioi).
Inbertsio Programen harira, altan dagoen uraren hornikuntzaren arloan, 27 jarduketak abian jartzea aurreikusten da eta horietatik hiru eskualdean izanen dira: Ezkurrako depositu berria; Leitzan, altan dagoen sarea berritzea, iturburuen konexioa eta bilketen babesa eta Goizuetan depositua eta bilketak hobetzea.