Nafar guztien eskubideak kontuan hartzeko kanpaina abian jarri du Kontseiluak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 26a, 11:00

Kontseiluak uste du Dekretua aldatzeko aukerak daudela oraindik ere, eta esfortzu horretan jarriko ditu indar guztiak datozen hilabeteetan. Horregatik, Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat izeneko kanpaina abiatu berri du. «Garaiz gaude Dekretuaren edukiak aldatzeko! Horretan lagundu nahi duzu? Bete eskaera hau (PDF editagarria da) eta bidali apirilaren 1a baino lehen».

Kontseilua konbentzitua dago Dekretua alda daitekeela eta, lehen ekimen batean Dekretuak herritarren eskubideetan eta ongizatean izanen dituen ondorioak eta kalteak gizarteratuko ditu.

Dekretuak ekarriko dituen atzerapausoak: hiru adibide

  • Eremu Euskaldunean, jendaurreko lanpostuetan lehen baino gutiago baloratuko da euskararen ezagutza.

  • Eremu mistoa delakoan, hainbat lanpostutan euskararen ezagutza guztiz ezabatuko da.

  • Eremu mistoko hainbat lanpostutan, eta eremu ez-euskalduneko lanpostu guztietan, atzerriko hizkuntzek puntuak emanen dituzte, baina euskarak batere ez.

Zer eragin izanen du?

Zirriborroak aitzinera eginez gero, ia ezinezkoa izanen da herritarrok zerbitzuak euskaraz jasotzea. Administrazioarekin, medikuekin, erizainekin… euskaraz egiteko eskubidea eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea dago jokoan.

Kontseiluak erran duenez, «garaiz gaude Dekretuaren norabidea eta edukiak aldatzeko. Horretan lagundu nahi baldin baduzu, bete eskaera eta bidali apirilaren 1a baino lehen».

Nola bete eskaera?

  • Zure datu pertsonalak sartu edo idatzi.
  • Hor bertan, gertatu izan zaizkizun urraketak azaldu (ahal dela hiru), ikusi beherago adibide bat.
  • Dokumentua bete eta sinatu ondotik, bidali nafarroa@kontseilua.eus helbidera.

Urraketen adibideak

Herritarrak Nafarroako Gobernuko edozein departamentutako langileekin izandako azken harremanak izanen ditu gogoan. Gaztelaniaz egin behar izan baditu, horiek idatzi.

  • Medikuak ezin dit osasun zerbitzua euskaraz eskaini.
  • Nafarroako Unibertsitate Ospitalean izan naiz eta kartel zein seinale guztiak gaztelania hutsez zeuden.
  • Nafarroako Gobernuko xxxx departamentura deitu dut, eta gaztelaniaz egin behar izan dut ezin izan didatelako zerbitzua euskaraz eskaini.
  • Foruzaingoan izan naiz eta ez didate zerbitzua euskaraz bermatu.
  • Nafarroako Gobernuko Ogasun departamentura joan naiz eta ez didate zerbitzua euskaraz eskaini.
  • Nafarroako Gobernuko xxxx departamentutik deitu didate, eta ez didate zerbitzua euskaraz bermatu.
  • Nafarroako Gobernuko xxxx departamentuan izan naiz, eta ezin izan dut euskara erabili.

Garrantzitsua da harreman hori noiz izan zen eta zein departamenturekin zehaztea (ez da jarri behar inoren izenik). Adibidez: Otsailaren 25ean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentura deitu nuen gestio bat egiteko, eta ezin izan zidaten zerbitzua euskaraz eman.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun