Gobernuak dituen lanpostu elebidun urriekin herritarren eskubideak ezin direla bermatu salatu du Behatokiak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 23a, 09:30

Agurne Gaubekak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak, prentsaurrekoan eman ditu azalpenak. Argazkia: Behatokia

Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren azterketa egin du Behatokiak. Departamentu gehienetan, lanpostu elebidunen kopurua ez da %3ra ailegatzen; kasu batzuetan, %2ra ere ez. Gobernuak atera asmo duen Merezimenduen Dekretuak euskara erabili nahi duten herritarrak gutxietsi eta haien hizkuntza eskubideak are gehiago mugatuko ditu.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak erran duenez, «Nafarroako Gobernuak ez ditu behar bezala bermatzen herritar guztien hizkuntza-eskubideak, hau da, euskara ikasi edo administrazioarekin erabili ahal izatea». Eta datuak erakutsi ditu egoera horrelakoa dela frogatzeko. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak azken hilabeteetan garatu duen Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako plantilla organikoaren azterketa eta ondorioak aurkeztu ditu Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak: «Egungo Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren argazkiak ezinezkoa egiten du herritarrak administrazio ezberdinetan euskara erabili ahal izatea. Hori gutxi balitz, lan-deialdi publikoetarako Gobernuak atera asmo duen Merezimenduen Dekretuak, egungo argazki hori hobetu ordez, eta lanpostu publikoetan euskarazko zerbitzua bermatzea bultzatzeko merezimendu neurri egokiak hartu beharrean, euskara erabili nahi duten herritarren aitortza gutxietsi eta hauen hizkuntza eskubideak eremu gutxi batzuetara zokoratu eta mugatuko ditu».

Departamentu gehienetan, lanpostu elebidunen kopurua ez da % 3ra ailegatzen; kasu batzuetan, % 2ra ere ez. Nafarroa osoko herritarrak administrazio sistema berdinaren pean dauden heinean, Behatokiarentzat ezin dira betebehar horiek mailakatu. «Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta herritarrek administrazio publikoarekin euskara eroso erabili dezaten, behar-beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietan euskarazko lanpostu elebidunak ezartzea», adierazi du Gaubekak.

Euskalgintzaren Kontseiluak nafar guztien eskubideak kontuan hartzea eskatzeko «Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat» lemapean abiatu duen kanpainarekin eta aldarrikapenarekin bat egiten du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.

Datuak, departamentuz departamentu

  • Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko departamentua: 1.253 lanpostutik soilik 39 lanpostu dira elebidunak, Foruzaingoko lanpostuak aparte.
    • Nafarroako S.O.S. atalean, konparaziora, 56 lanpostutatik, ez dago lanpostu elebidunik.
    • Suhiltzaileen parkeetako 601 lanpostuetatik, lanpostu elebidunak guztira 16 dira bakarrik.
    • Gazteriari lotutako hainbat sailetan (Nafarroako Gazteriaren Institutua, Gazteriaren Behatokia, Gazteriaren Programetarako Atala, Gazte Elkarteekin Negoziatzeko Atala…) 9 lanpostu daude, horietatik bakar batek ere ez du euskararen nahitaezko ezagutza ezarrita.
    • Foruzaingoan 1.312 lanpostutik, 22 dira profil elebidunekoak (B2 maila), 17 eremu 
      euskalduneko lanpostuak (%1,3), 4 eremu mistokoak (%0,38). 
  • Ekonomia eta Ogasun Departamentua: 518 lanpostutik, 12k dute euskararen nahitaezko ezagutza (%2,32 inguruk).
    • Zergadunen Asistentzia eta Informaziorako Atalean, 33 lanpostu daude eta lanpostu bitan soilik da nahitaezkoa euskararen ezagutza (C1 maila).
    • Nafarroako Estatistika Institutuan, Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboan edo Idazkaritza Tekniko Nagusian lanpostu elebidun bana aurkitu dute; eta Zergadunarekin Harremanetarako Atalean, 31 lanpostutik bakarrak du profil elebiduna.
  • Osasun Departamentua: Osasunbidetik kanpo, profil elebiduna duten lanpostu bi bakarrik daude zerbitzu zentraletan. Profil elebiduneko lanpostu gehien dituen Departamentua izan arren, ez da %3ra heltzen (%2,3 inguru), eta lanpostu elebidun gehienak Osasunbideko eremu euskaldunean daude.
    • Zerbitzu zentraletan dauden lanpostu elebidun gehienak erizainenak dira (hala ere arras gutxi dira, 47 bat Departamentu osoan eta plaza gehienak hutsik daude).
    • Zeladore lanpostu bik bakarrik dute euskararen derrigortasuna.
    • Legeak ezarritako eremu euskaldun osorako, 7 mediku lanpostuk soilik dute euskararen derrigortasuna.
    • Ez dago Nafarroa osoan euskarazko nahitaezkotasuna duen espezialista lanposturik.
    • Nafarroako osorako profil elebiduna duen psikologo kliniko bat eta terapeuta okupazional bakarra daude.
    • Nafarroa osoan lehen arretako 69 pediatria lanpostu daude, horietatik 9k dute euskararen nahitaezko ezagutza (B2 mailan), 7 eremu euskalduneko lanpostuak dira, 2 soilik eremu mistoan (bat hutsik) eta legeak ezarritako eremu ez euskaldunean ez dago euskararen ezagutza duen lehen arretako pediatria lanposturik. Larrialdi pediatrikoetan ere, eremu mistoan kokatzen direnak, ez dago profil elebiduna duen lanposturik.
  • Kultura eta Kirol Departamentua: Guztira 221 lanpostu daude, 9k dute euskararen nahitaezkotasuna ezarrita (%4). 9 horietatik bakarra dago zerbitzu zentraletan (bulegoburu lanpostu bat) eta gainerakoak liburutegi publikoetako arduradunak dira.
    • 8 horietatik 7 eremu euskaldunetako liburutegietakoak dira. Beraz, legeak ezarritako eremu ez-euskaldun eta eremu mistoko 71 liburutegitan, euskararen  nahitaezko ezagutza duen lanpostu bakarra dago (Iruñeko 9 liburutegietako batean).
    • Legeak ezarritako eremu euskaldunean ere, Lesaka eta Berako liburutegietako arduradun lanpostuek ez dute euskararen nahitaezkotasunik ezarrita.
  • Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua: 68 lanpostu daude, ez dago euskararen nahitaezko ezagutza duen lanposturik.
  • Lurralde Kohesiorako Departamentua: 259 lanpostutik, euskarazko profila duen lanpostu bakarra dago: %0,39a.
  • Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentua: Departamentu guztian, 103 lanpostutik, ez dago euskararen nahitaezkotasuna duen lanposturik.
  • Eskubide Sozialen Departamentua: Eremu euskalduneko enplegu agentzia batzuetan eta haur eskoletako hezitzaile lanpostu batzuetan soilik daude euskarazko profila duten lanpostu bakan batzuk.
  • Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua: Ez dago profil elebiduna duen lanposturik.
  • Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua: Ez dago euskarazko profila duen lanposturik; bai, ordea, ingeles edo frantses profilekoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun