Prozesua Cederna Garalur elkarteak bultzatu du, eta Plazaola Partzuergoarekin batera, Arano, Areso, Araitz, Atetz, Basaburua, Betelu, Goizueta, Imotz, Larraun, Lekunberri eta Leitzako udaletako ordezkariekin talde eragilea osatu dute. Herenegun egin zuten talde eragilearen lehen bilkura Lekunberrin, eta besteak beste, prozesuaren gobernantza, eman beharreko pausoak eta hori lotutako kronograma izan zituzten hizpide. Partaidetza prozesua ere diseinatu dute.
Cederna Garalurreko Ibon Mimentzaren hitzetan, plan honekin «Mendialdea eskualdea maila sozioekonomikoan bultzatzeko lankidetza indartu» nahi dute, «eskualdea osatzen duten toki erakundeen errealitate aniztasuna kontuan hartuta».
Proiektuan Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategiak Nafarroarako estrategikotzat jotzen dituen sektore ekonomikoak aztertuko dituzte: mugikortasun elektriko eta konektatua, elikadura osasungarri eta jasangarria, energia berdearen industria, medikuntza pertsonalizatua, turismo jasangarria eta ikus-entzunezko industria, eta horiez gain, merkataritza eta ostalaritza. Gisa honetara, «eskualdeko ekonomiaren ikuspegi integrala lortu» nahi dute.
Horren ondoren, talde eragileak «garapen potentzial handiena duten bost sektoreak aukeratuko ditu» eta horietako bakoitzerako ekintza plan espezifikoa diseinatuko dute, «epe laburrean eta ertainean bultzatzeko». Bidean Areté Activa aholkularitza enpresaren laguntza teknikoa izanen dute.
Prozesu parte hartzailea
Iragarri dutenez, plana egiteko prozesuak 2022ko arazora arte iraunen du eta «herritarrak eta lurraldeko funtsezko eragileak inplikatzea» nahi dute. Hori horrela, «identifikatutako sektore estrategiko bakoitzeko funtsezko eragileei elkarrizketak, eskualdeko funtsezko eragileekin eztabaida taldeak dinamizatu eta herritar guztiak inplikatuko dituen foro parte hartzailea» egin nahi dituzte.
Ainhoa Oribe Cederna Garalur elkarteko Mendialdeko garapen teknikariak «prozesu osoan gardentasuna eta parte hartzea bermatzearen garrantzia» azpimarratu du, eta horretarako atal espezifiko bat argitaratuko dute Cederna Garalurreko webgunean. Horrekin batera, herritar guztiei egin die plan hori egiten parte hartzeko deia, «gure sare sozialen bidez iragartzen diren ekintzen bidez, web orrian argitaratuko dugun formularioari erantzunez edo mendialdeaplana@cederna.es helbidera idatziz».