GUTUNA: Itzali

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 22a, 17:00

Argiaren inguruko hausnarketa egin du Imanol Elgezabalek artikulu honetan. 

Baditut apeta batzuk: horietako bat argiak itzalita daudela ziurtatzea da etxetik irtetzen naizen aldiro. Guztiak itzalita daudela aurretik jakin arren, pisuko gela guztiak arakatzen ditut neure barruak lasaitzeko, baita argiak itzalita daudela onartzeko. Ohitura hau ez dut, orain, argiaren prezioaren garestitzeagatik barneratu, lehenagotik daukat.

Gauetan ere, ohera joan aitzinetik, etxean barrena paseoa ematen dut dena itzalita dagoela ikusteko: sukaldeko fluoreszentea, egongelako telebista ondoko lanpara... Noizean behin argiren bat edo bertze pizten dut, lehenago itzalita zegoela ondorioztatzeko. Segituan itzaltzen dut piztutako hori. Eta ohera sartzen naiz. Mesanotxeko argia lagun izan dezaket libururen baten itzaletan lokartzeko asmoa izanez gero. Loak hartzeko zorian nagoela argi hau itzali eta ilunpetan geratzen naiz.

Ilunpetan? Ez, gehienetan ez, kaleko argi izpiak leihoko pertsianaren zirrikituetatik sartzen baitira. Gauetan gure kaleak argiztatzen dituzten farolenak. Guztiok —gehienok— lo egonagatik ere piztuta uzten ditugun argiak. Eta itzaliko bagenitu?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun