Berria txapelketako lehen faseko hirugarren eta hondarreko jardunaldia jokatu zen larunbatean Galarretan. Oier Apezetxea goizuetarrak bere lana ongi egin eta Aldaberekin batera profesionaletako bigarren garaipena lortu zuen, 35-27, Etxarri eta Martirenaren kontra. Gisa honetara, beraien multzoko lehenak izan dira Aldabe eta Apezetxea, eta bigarren Loitegi eta Zaldua I.a.
Beste multzoan, lehen postuaren jabe ziren Goikoetxea eta Odei eta bigarren postua lortzeko lehia jokatu zuten Oskar Urrutia II.ak eta Labakak, Susperregi eta Aritz Zubiriren kontra. Urrutia II.ak eta Labakak 35-16 irabazi zuten eta gisa horretara, Aldabe eta Apezetxearen kontra ariko dira finalaurrekoan. Beste finalaurrekoan, Goikoetxea eta Odei, Loitegi eta Zaldua I.aren kontra ariko dira.
Partida nagusian Josetxo Ezkurra II.a eta Azpiroz nagusi
Berria txapelketako bi partiden artean jokatu zen partida nagusia ikusgarria suertatu zen eta lau erremontistek maila bikaina erakutsi zuten. Azkenean, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Azpirozek 40-38 irabazi zieten Segurola eta Barrenetxea IV.ari. Ezkurra II.a izan zen onena, hogei tanto egin baitzituen. Erasoan nahiz defentsan bikain, hormabikoarekin hamabi tanto egin zituen aurrelari doneztebarrak.
Martxoaren 19ko emaitzak Galarretan
- Etxarri-Martirena, 27 - Aldabe-Apezetxea, 35 BERRIA TXAPELKETA
- Segurola-Barrenetxea IV.a, 38- Ezkurra II.a-Azpiroz, 40
- Urrutia II.a-Labaka, 35- Susperregi-Zubiri, 16 BERRIA TXAPELKETA