Joko bakarragatik Baztan nagusitu zaio Malerrekari laxoa-paxaka desafioan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2022ko mar. 21a, 12:00

Azken bi asteburuetan Baztan eta Malerrekako pilotariek jokatutako laxoa eta paxaka desafioa ezin berdinduagoa izan da eta azkenean, joko bakarrak erabaki du lehia baztandarren alde. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Hirugarren edizioa bete du Laxoa Elkarteak antolatutako desafio honek eta inoiz baino berdinduagoa izan da. Gainera, laxoan ez ezik, paxakan eta laxoa motzean (pilotari guztiak guante laburrekin eta pilota plaza ttikiagoan) aritu dira lehen aldiz. Legasako pilotalekuan jokatutako azken paxaka partidan 9-7 irabazi zuen Malerrekako hirukoteak. Baina aski izan zen baztandarrentzat. 8-5 irabazten zeuden Malerrekakoak eta 9-5ekoa lortuz gero, Malerreka suertatu izanen zen garaile. Baina baztandarrek bi joko gehiago lortu eta partida galdu arren (9-7)  desafioa joko bakarragatik irabaztea lortu zuten.

Honela, bi asteburutan sei partida jokatu ondotik, hiruna irabazi dituzte baztandarrek eta Malerrekakoek. Partidak ere aski berdinduak joan dira: bortzetan 9-7 gelditu dira eta batean 9-6.

Legasako hondarreko partidaren aitzinetik, larunbatean Iruritako plazan jokatutako laxoa partida 9-7 irabazi zuten baztandarrek. Igande goizean, berriz, hogei urteren ondotik berriz ere laxoa partida ikusi zuten Arizkungo Lamiarritan. Malerrekakoek 9-7 irabazi zuten.

Lehen asteburuan 5-4ko abantaila lortua zuen Baztanek. Oizen jokatutako laxoa partidan 9-7 irabazi zuen Malerrekak. Labaienen jokatutako laxoa motza partidan 9-6 irabazi zuen Baztanek eta Erratzun jokatutako paxaka partidan ere baztandarrek irabazi zuten, 9-7.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun