Berria erremonte txapelketako lehen faseko hirugarren eta hondarreko jardunaldia jokatuko dute martxoaren 19an, larunbatean 16:30ean hasita Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Finalerdietarako sailkatuak daude Loitegi eta Zaldua eta Goikoetxea V.a eta Odei. Bertze bi txartel izanen dira jokoan eta eskualdeko hiru erremontistek beraien esku daukate finalerdietarako sailkatzea.
Aukerarik garbiena Goizuetako Oier Apezetxea hasiberriak dauka. Lehen partida irabazi zuen Aldaberekin batera eta larunbateko jaialdiko lehen partidan, Etxarri eta Martirenaren kontra 23 tanto egitea aski izanen dute sailkatzeko. Gainera, partida irabazi edo 32 tanto baino gehiago eginen balute taldeko lehenak izanen lirateke. 22 tanto edo guttiago eginen balute, txapelketatik kanpo geldituko lirateke Aldabe eta Apezetxea.
Bertze txartela norentzat izanen den garbiago dago. Oskar Urrutia II.a saldiastarra eta Labaka, Susperregi eta Aritz Zubiri goizuetarraren kontra ariko dira jaialdiko hirugarren partidan eta irabazlea izanen da finalerdietan, beraien taldeko bigarren postuan.
Berria txapelketako bi partiden artean jokatuko den jaialdiko partida nagusian Segurola eta Barrenetxea IV.a, Josetxo Ezkurra II.a eta Azpirozen kontra ariko dira.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!