Osasun Departamentuak Lehen Arreta sustatzeko plana aurkeztu die Nafarroa iparraldeko alkateei

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 15a, 08:00

Santos Indurain osasun kontseilaria eta Carlos Artundo zuzendari nagusia, astelehenean Doneztebeko zineman egindako bileran.

Lehen Arretako eta Landa Inguruneko Larrialdietarako Zerbitzuetarako Lan Eskaintza Publikoak Lesaka, Doneztebe, Elizondo, Ultzama eta Leitzako oinarrizko zonaldetarako zortzi plaza izanen ditu.

Santos Induráin, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak eta Carlos Artundo, Osasuneko zuzendari nagusiak, bilera izan zuten martxoaren 14an, astelehen arratsaldean, Doneztebeko zineman Lesaka, Doneztebe, Elizondo, Ultzama eta Leitzako alkateekin. Bertan, Nafarroako Lehen Arretaren egoera partekatu zuten eta Lehen Arretaren Erronka dokumentuan jaso den datozen hilabeteetarako prestatutako ekintza plana aurkeztu zuten.

Era berean, Yolanda Martínez Lehen Mailako Arretako gerenteak parte hartu zuen bileran. Eskualdeko osasun-jarduera batzuk aipatu zituen, hala nola erretinografia-, errehabilitazio- eta ekografia-zerbitzuak, arazo horiek moldatzeko gaitasuna handitzea eta joan-etorriak murriztea dakartenak, edo haurren obesitateari aurre eginez osasuna sustatzeko lana, eta pertsonalaren baliabideak egonkortzeko estrategia, LEPan jasotako zortzi plazekin.

Osasun arloko arduradunen eta oinarrizko bost eskualdeak osatzen dituzten 31 udalerrien ordezkarien arteko topaketak balio izan du plan honetako neurri nagusiak azaltzeko eta Nafarroako toki administrazioekin entzute aktiboan sakontzeko. Fase honetako bosgarren geldialdia izan da herriekin, Erriberabeitiko, Erriberagoieneko, Lizarrako eta Erdialdeko udalerriekin egindako bileren ondotik.

Zortzi lanpostu

Zehazki, bileran ordezkatutako oinarrizko bortz eremutan Lan Eskaintza Publikoen bidez lantaldeak fidelizatzeko eta egonkortzeko estrategiak (LEP) Lehen Mailako Arretako Medikuaren, Landa Larrialdietako Zerbitzuaren (SUR) eta Pediatriaren eskaintzan zortzi lanpostu sartzen ditu osasun maila horretarako.

Bertzalde, eskualdeko osasun-zentroen ebazpen-gaitasuna eta horrek biztanleengan izan dezakeen eragina nabarmendu dituzte topaketan, osasun-zerbitzu jakin batzuk eskuratzeko  saihes daitezken joan-etorriei aurrea hartzeko. Ekintza horien artean, ekografiak eta kirurgia txikia egin dituzte oinarrizko eremu horietan.

Ildo horretatik, Doneztebeko osasun zentroan erretinografia- eta erradiografia-zerbitzua ere nabarmentzen da, oinarrizko eremuko udalerri guztietako biztanleentzat; gauza bera gertatzen da Lesakako osasun etxeko errehabilitazio zerbitzuarekin ere, eta Osasun Sexualari eta Ugalketari Laguntzeko Zentro bat (Cassyr) ere badu.

Era berean, Elizondok Errehabilitazio Zerbitzua du. Eremu horretan, bertzalde, erizaintzako langileei prestakuntza eman zitzaien, larrialdiak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko.

Bertzalde, arreta espezializatuari dagokionez, Nafarroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) arteko lankidetza-hitzarmenak erkidego batean zein bertzean arreta jasotzeko aukera eskaintzen die inguruko herritarrei, irisgarritasuna hobetze aldera.

 

Osasunaren sustapena: haurren obesitateari buruzko proiektuak

Osasun Publikoaren Institutuko Osasuna Sustatzeko Atalak haurren obesitateari aurre egiteko hainbat proiekturi lagundu die, hala nola, Doneztebeko Haur Eskolan egindako ekintzei, eremuetako osasun-zerbitzuen kontsultei eta Leitzako Kikili-Salda haurren obesitatea prebenitzeko komunitate-proiektuari.

Ildo horretatik, Osasun Publikoa Doneztebeko Ikastetxe Publikoarekin lanean ari da, ikasleari ekonomikoki laguntzeko eta igerilekuko jarduera ezartzeko.

Era berean, osasun programetarako dirulaguntzen deialdiaren bidez, Malerreka, Ultzama eta Leitzako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateek aurkeztutako proiektuak finantzatu dira eta horietan osasun zerbitzuek lagundu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun