Baztan eta Malerreka arteko paxaka-laxoa desafioko lehen partidak jokatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 14a, 13:00

Baztandarrek aldetxoa hartu dute, baina datorren asteburuan Legasan, Iruritan eta Arizkunen erabakiko da lehia

Asteburu honetan jokatu da Laxoa Elkarteak antolatutako Baztan eta Malerrekaren arteko laxoa-paxaka desafioaren lehen jardunaldia. Eguraldia dela eta, azken orduko aldaketa txiki bat egin bazen ere, orokorrean arazorik gabe joan zen asteburua.

Larunbat arratsaldean Oizen jokatutako laxoa partidan, Errekak 9 eta 7 irabazi zion Baztani. Horrela, Errekak desafioko lehen bi puntuak berenganatu zituen eta Baztanek bakarra.

Igandean, aldiz, Laxoa Motza eta Paxakako partidak jokatuko zituzten Labaienen eta Erratzun. Labaienen, goizean aritzekoa zen partidua arratsaldera pasa zen bezperan egindako euria zela eta, plaza bustirik zegoelako. Arratsaldean arazorik gabe jokatu zuten partida eta oraingoan, baztandarrak izan ziren nagusi. Berriz ere markagailu estu batekin, 6–9. Oraingoan puntuazioa alderantzizkoa izan zen, Baztanek 2 eta Errekak 1.

Laxoa Motza partida akitu eta berehala, Erratzun paxaka partida hasi zen. Oraingoan ere Baztanek irabazi zuen, 9–7. Berriz ere, 2 puntu baztandarrentzat eta 1 Malerrekakoentzat.
Beraz, desafioko lehen jardunaldiko partidak eta gero, Baztan aitzinetik doa, 5–4. Heldu den asteburuan itzulerako partidak jokatuko dituzte Legasa, Irurita eta Arizkunen eta bertan erabakiko da desafioko irabazlea zein den.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun