Haur eskolen duintasunaren alde hainbat mobilizazio eginen dituzte asteburuan Baztan, Bera, Lesaka eta Leitzako haur eskoletan

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 11a, 13:40

Haur eskolek urteak daramatzate lan baldintza duinak aldarrikatzen, baina urteotan deus gutti lortu dutela ikusita, mobilizazioak egitea erabaki dute Nafarroako haur eskoletan. Eskualdean ere eginen dituzte. Asteburu honetan, Baztan eta Berako haur eskoletan itxialdiak eta elkarretaratzeak eginen dituzte, eta Lesakan eta Leitzan elkarretaratzeak.

Beran gaurtik aitzinera itxialdia

Beran gaur hasiko dituzte mobilizazioak eta 17:00etatik igandeko 11:30 arte itxialdia eginen dute langileek. Horrez gain, gaur, udal ordezkariak haur eskolara afaltzera gonbidatu dituzte, egoeraren berri emateko. Eta asmo berarekin, bihar, aperitibo-erromeria eginen dute familiekin eta udal ordezkariekin, 11:00etatik 13:00etara.

Igandean, 11:30etik 12:00etara elkarretaratzea eginen dute haur eskolako atarian, Mukixuko aparkalekuan.

Elizondon ere itxialdia

Beran bezala, Elizondon ere gaur hasiko dira mobilizazioekin. 17:00etatik 18:30era Elizondo girotzeko pankartak paratzen eta dendetan informazioa banatzen ariko dira. 18:30etik 19:30era, berriz, Baztango herrietan informazioa banatu eta kartelak paratuko dituzte eta 20:00etan udal ordezkariekin eta guraso elkartearekin merienda-afaria eginen dute.

Igandean, bertzalde, 12:30ean, elkarretaratzea eginen dute Elizondoko plazan.

Lesakan elkarretaratzea bihar

Nafarroako haur eskoletan egitekoak diren itxialdiei elkartasuna adierazteko, Lesakako Magala Haur Eskolak bihar, 11:00etan, hamaiketakoa eginen du, eta ondotik, egoeraren berri emateko Nafarroako haur eskolen egoera pantailaratuko dute familientzat eta udalarentzat. 12:00etan, elkarretaratzea eginen dute Lesakako plazan.

Leitzan elkarretaratzea igandean

Leitzako Itzaire Haur Eskolan, atzo, asanblada irekia egin zuten egoeraren berri emateko, eta igandean eginen dute hurrengo hitzordua. 11:00etan haur eskolan hamaiketakoa eginen dute eta ondotik, 12:00etan plazan biltzeko deia egin dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun