Errigorak kanpaina berria abiatu du, ‘Oinak lurrean’ goiburuarekin

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 12a, 11:00

Nafarroa hegoaldean euskara sustatzeko helburuarekin, Errigorak kanpaina berri bat abiatu du, Oinak lurrean goiburuarekin. Dagoeneko eros daitezke oliba olio birjina estra, kontserba, arroz, pasta eta lekale sortak eta apirilaren azken astean eta maiatzaren hasieran banatuko dituzte, 200 herri baino gehiagotan jarriko dituzten banaketa guneetan.

Martxoaren 10etik 30era bertako oliba-olio birjina estra —ontzi handietan— eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak —12 unitateka— eskatu ahal izanen dira, euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Eskaintza

Azken urteotan hartutako bideari jarraituz, agroekologiaren aldeko apustuan sakontzen du aurtengo eskaintzak ere:

  • Oliba­ olio birjina estraren kasuan, hiru barietate ez­ekologiko dituzte —enpeltre, arbekina eta pikual—; ekologikoan, aldiz, bertako arroitz barietateaz eta arbekinaz gain, bi litroko bi bidoiz osatutako sorta berria eskaintzen dute.
  • Kontserben kasuan, ekoizpen ekologikoko bederatzi produktu izanen dituzte  —zainzuri zuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, barazki­ menestra, penkaz eta borrajaz osatutako barazki­ sorta, tomate frijitua, barazki­ kremak eta txitxirioak— eta zazpi ez ­ekologikoak —zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, potxak, barazki­ sorta eta tomate frijitua—.
  • Gorago aipatutakoaz gain, arroz ekologikoa eta ez­ekologikoa eta pasta ekologiko sorta ere dituzte aukeran.
  • Eta aurten, lehen aldiz, lekaleak ekologikoak ere eskainiko dituzte: seina pakete dilista eta txitxirioz osatutako sorta. Produktu guztiak kalitate bikainekoak eta bertakoak dira. Ez bertan elaboratuak soilik, prozesuaren hasieratik bukaeraraino, bertan eginak. Gainera, auzolanari esker, ekoizleak bere kontserba ­fabrikan, olio ­errotan edo dena delakoan eskaintzen dituen prezio berean eskuratu ahal izanen ditu erosleak bere herrian

Kanpainaren funtzionamendua

Kanpaina urtean behin egiten dute eta, hortaz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte osorako despentsa betetzea. Horregatik, produktuak formatu handian eskaintzen dituzte: olioa 5 litroko bidoietan —edo 4 litroko packean— eskaintzen da eta arroza, pasta, lekaleak eta barazki­kontserbak 12 unitateka.

Bi bide daude eskaerak egiteko:

  • Online, errigora.eus webgunean.
  • Eta, sarean eskaerak egiteko gai ez direnentzat, telefono bidez, Hego Euskal Herritik +34 848 87 12 23 eta Ipar Euskal Herritik +33 532 09 35 45 telefono ­zenbakira deituta.

Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehenengoetan egitea aurreikusia dute eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean banatuko dituzte. Eskaera egiterakoan norberak aukeratu behar du produktuak biltzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da biltzera. 200 bat herritan daude banaketa guneak

Banaketa puntuak

HERRIALDEA ESKUALDEA HERRIA GUNEAREN IZENA HELBIDEA WEBGUNETIK?
Lapurdi Hego Lapurdi Azkaine Bernadettenea   Bai
Lapurdi Hego Lapurdi Urruña Xaia ostatua   Bai
Nafarroa Garaia Aralarko Iparraldea Areso Aresoko plaza zaharra   Bai
Nafarroa Garaia Aralarko Iparraldea Goizueta Umore ona elkartea   Bai
Nafarroa Garaia Aralarko Iparraldea Leitza Udal pabiloia Suhizpi eraikina 2. nabea [Landa industrialdea (Ortiz burdindegiaren ondoan)] Bai
Nafarroa Garaia Aralarko Iparraldea Lekunberri Larraungo euskaltegia AEK   Bai
Nafarroa Garaia Baztanaldea Baztan Baztan ikastola   Bai
Nafarroa Garaia Bidasoa Garaia Doneztebe Malerrekako Errigora gunea Ameztia zeharkarrika 8, bajera etxebizitza. 6. 1esk [Elgorriagako Herriko Ostatua ere Malerrekako Errigora gunea da] Bai
Nafarroa Garaia Bortziriak Bera Berako Kultur etxea   Bai
Nafarroa Garaia Bortziriak Lesaka Arrano ostatua   Bai

 

2021eko kanpaina datuetan

  • 8.200 etxetara
  • 109.000 litro olio
  • 245.000 ontzi kontserba
  • 30.000 pakete arroz/pasta

Errigorari buruz

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari diren herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek. Txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatu nahi dute «Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako».

  • Euskarari bultzada eman nahi dio, dela Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari zuze­neko diru­ ekarpena eginez, dela zonal­dean euskarak espa­zio berriak irabaz dit­zan lan eginez.
  • Nafarroa hegoaldeak propio dituen produk­tuak Euskal Herriko plazan kokatzea du helburu, pixkanaka elikadura ­sistemaren gaineko erabakiak herritarren esku izan dai­tezen pausu txikiak emanez.
  • Nafarroa hegoal­dean eta erdialdean eragin nahi du. Erro­matarrek ager vas­conum deitu zuten lurraldea du ardatz, orain hiru hamarka­da administrazioak «ez euskaldun» izen­datu zuena.
  • Auzolana da lan­tresna nagusia: ehunka lagunen bo­rondatezko lana da Errigora mugiarazten duena. Hain zuzen, betiko lan kolektiboa balioan jartzea ere badu helburu Errigo­rak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun