Gaur hasi da Errigoraren kanpaina

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 10a, 14:00

Iruñeko Geltokin egin dute gaur aurkezpena.

Martxoaren 30era bitarte bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, lekale eta pasta sortak eskatu ahal izanen dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Udaberria hurbiltzearekin bat ailegatu da Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina. Martxoaren 10etik 30era bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, lekale eta pasta sortak (12 unitateka) eskatu ahal izanen dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Eskaerak errigora.eus atarian edo telefonoz (+33) 532 09 35 45  edo (+34) 848 87 12 23ra deituta egin daitezke, 09:00etatik 13:30era.

Gaur egin dute kanpainaren aurkezpena Iruñeko Geltokin, eta Errigoraren izenean aritu den Xanti Kirogak gogorazi duenez, «2014an kanpaina honen lehen edizioa martxan paratu genuenetik gero eta gehiago dira gurekin bat egin duten herritarrak. Iazko kanpainan, adibidez, 8.200 etxetara ailegatu ginen eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta banatu genituen. Ondorioz, gero eta gehiago dira ekoizteko erak aldatzen ari diren nafar ekoizleak, emeki, baina pauso sendoz, tokiko elikadura-sistemen alde eginez».

Kiko Fernandez ekoizlea ere aurkezpenean izan da eta azpimarratu duenez, «ekoizpenean pausu berriak emateko bultzada handia eskaintzen du Errigora bezalako ekimen batean biltzen den eskaerak. Izan ere, ekoizpen berriei ekiteko edo lur eremu berriak landatzeko apustua egitean ekoizleek izaten duten ziurgabetasuna arintzen laguntzen du, ekoitzitakoaren salmenta eta banaketa izaten baita sarritan apustu berriei muzin egiteko galga nagusia».

Horrekin batera, «ekoizleei euskaraz kontsumitu nahi duen komunitate handi bat parez pare agertzean, euskararen posizionamendua aldatu egiten dela» nabarmendu, eta «eta balio praktikoa eransten zaio hizkuntzari». Bere irudikoz, horrela azal daiteke, «Errigorako ekoizle guztiek 2023rako enpresetan euskara-planak abiatzeko hartutako konpromisoa».

Miriam Otxotorena Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko lehendakariak, berriz, «Errigorak azken urteetan ekoizpen ekologikoa sustatzeko emandako pausoak» azpimarratu ditu, eta herritarrei «produktu ekologikoak kontsumitzeko deia egin die, «agroekologiak elikadura-burujabetzara bidean eskaintzen dizkigun onurak azpimarratzen dituelako, bai ingurumenaren ikuspegitik, baina baita ikuspuntu sozialetik ere.

Azkenik, Kirogak, kanpaina hau posible egiten duten «ehunka boluntarioen lana» ekarri nahi izan du gogora, «herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan nekaezinari esker, norbere herrian hartu baitaitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko litzatekeen prezio berean».

Banaketa

Banaketa apirilaren bigarren hamabortzaldian eginen dute eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean banatuko dituzte. Eskaera egiterakoan aukeratu behar da produktuak hartzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da biltzera.

Harpidedunen artean lehiaketa

TTIPI-TTAPAko harpidedun diren, eta ERRAN.EUS atarian egindako lehiaketan parte hartzen dutenen artean Errigorako bi saski zozketatutako ditu TTIPI-TTAPAk. Agudo paratuko du martxan lehiaketa TTIPI-TTAPAk eta galderak ongi erantzuten dituzten asmatzaileen artean eginen da zozketa. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun