Eneit Bertiz sunbildarrak denboraldiko lehen garaipena lortu du mendi bizikletan

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 8a, 14:00

Koldo Herrera eta Eneit Bertiz, maillot horiarekin, Fiteroko probaren ondotik.

Katea Bike Team taldeko ordezkaritza ederki ibili zen igandean Fiteron, Rural Kutxa Kopako lehen proban

Igandean Fiteron jokatu da mendi bizikletako Rural Kutxa Kopako lehen proba eta denboraldiko lehen garaipena ailegatu da Katea Bike Team talde berriarentzat. Hain zuzen, Eneit Bertiz sunbildarrak lehenbiziko postua lortu zuen junior kategorian eta liderraren maillota ere jantzi zuen. Ez da nolanahiko marka, kategorian lehen urtea duela kontuan hartuz.

Baina Bertiz ez zen izan Fiteroko ibilbide gogor eta teknikoan nabarmendu zen bakarra. Izan ere, Koldo Herrera sunbildarrak laugarren postua eskuratu zuen 23 urtez beheitiko kategorian eta zortzigarren izan zen sailkapen orokorrean.

Ibai Ordax doneztebarra hogeigarren izan zen M30 kategorian eta Igor Agesta sunbildarra hamargarren M40 kategorian.

Katea Bike Team taldeko Igor Agesta, Koldo Herrera, Eneit Bertiz eta Ibai Ordax Fiteron.

 

Bertizek eta Herrerak Espainiako kopako proba igandean Valladoliden

Katea Bike Team taldeko txirrindulariek lanean segituko dute. Rural Kutxa Kopako hurrengo proba martxoaren 27an izanen dute Arguedasen. Aitzinetik, igande honetan, martxoak 13, Espainiako Kopa XCOko proba izanen dute Valladoliden (Espainia). Ibai Ordaxek, berriz, Aragon Bike Race lasterketan parte hartuko du martxoaren 10etik 13ra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun