Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena berritu dute Euskaraldia Nafarroan gauzatzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 7a, 14:30

Euskarabideko Mikel Arregi, Nafarroako Gobernuko Ana Ollo eta Topaguneko Oskar Zapata, hitzarmenaren sinaduran.

Hirugarren Euskaraldia 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra izanen da, Hitzez ekiteko garaia lelopean.

Oskar Zapata, Nafarroako Topaguneko zuzendaria eta Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria bildu dira gaur Nafarroan Euskaraldia egitasmoa gauzatzeko hitzarmena sinatzeko.

Hitzarmen honen baitan, Euskaraldiak, proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzaten. Era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa.

Zapatak gogora ekarri du «Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Izan ere, egitasmoak helduen aktibazioa du oinarri, gutxieneko baldintza euskara ulertzea delarik».

Aurtengo leloari aipua eginez, Zapatak Hitzez ekiteko garaia dela azpimarratu du. «Euskaraz hitz egitea errazago izan dadin kaleak eta plazak betetzeko garaia heldu da, ilusioz, arduraz, gogoz, emozioz…». Hirugarren edizioan belarriprestek eta ahobiziek aukera berriak izan ditzaten bermatzeko elkarlana nabarmendu du, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune.

Ollok azpimarratu duenez, «euskara batez ere, komunikaziorako tresna bizia da. Horregatik, hiztun berriekin dugun konpromisoa defendatzen dugun bezala, haien prestigioa eta sustapena bultzatzeko egunez egun lan eginez, Euskaraldia bezalako ekimen garrantzitsuak babesten ditugu, non herritarrek erakusten diguten ekintza kolektiboa gai dela topiko interesatuak gainditzeko eta hizkuntzaren inguruan aukera eta balio positiboen mundu bat zabaltzeko».

 

EUSKARALDIAren hirugarren edizioaz jakin beharrekoa

  • Noiz: 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da, 15 egunez
  • Non: Euskal Herri osoan
  • Leloa: Hitzez ekiteko garaia
  • Helburu nagusia: Euskararen erabilera areagotzea hiztunen hizkuntza ohituratan eraginez eta euskaraz aritzeko guneak zabaldu eta areagotuz
  • Koordinazio mahaia: Euskaltzaleen Topagunea, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa.
  • Webgunea: https://euskaraldia.eus

Zenbait kontzeptu

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

Belarriprest: Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

Arigunea: Lasai euskaraz aritzeko guneak dira; euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte Euskaraldian ariguneekin (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar). Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.

 

Hurrengo hilabeteetarako kontuan hartzeko mugarri nagusiak:

  • 2022 maiatza: ariguneen izen-ematearen irekiera.
  • 2022 ekaina: Euskaraldiko abestiaren aurkezpena.
  • 2022 iraila: lorpenak eta erronkak aurkezteko ekitaldi nagusia.
  • 2022 iraila: belarriprest eta ahobizien izen ematea.
  • 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra EUSKARALDIA.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun