Emakumeak ostalaritzaren historiaren parte dira maila guztietan, kudeaketatik hasi eta garbiketa lanetaraino, jabetzatik hasi eta sutegietara arte, aunitzetan gizonezkoen irudien gibelean ezkutatuta geratu diren lanak. Hala ere, emakumeak beti hor egon dira. Erakusketa honekin batera liburu bat dago eskuragarri pdf formatuan, eta 22 eta 75 urte bitarteko 25 emakumeren testigantzak, estudioko 20 irudi eta etxean egindako 40 argazki biltzen ditu. Ostalaritzari eskainitako bizitzak, sektore horretan aritzen diren emakume guztiei omenaldia izan nahi duena. Erakusketa apirilaren 19ra arte egonen da ikusgai.
Nagusia hor dago? Duela hamarkada batzuk gertatu zena, edo ez hainbertze, laburbiltzen duten hiru hitz. Hiru hitz horiek hamaika aldiz entzun ditugu ostalaritzako negozioen buru ginen eta garen emakumeok. Hiru hitz horiek justifikatzen dute honelako erakusketa bat, zeinaren bidez ANAPEHek ikusgarritasuna eman nahi dien emakumeei eta ostalaritza negozioetan egiten duten lanari. Hitz horiekin inauguratu du gaur goizean Ostalaritzaren historia 25 emakumek kontatua erakusketa, ANAPEHko lehendakariak, Maria Angeles Rodriguezek protagonista, gainera, bere istorioa erakusketan parte hartzeagatik. Berarekin batera, beste hogeita lau emakume ostalaritzako negozioen buru, edo horien funtsezko zati bat: gerenteak, sommelierrak, zerbitzariak, sukaldariak....
Ekintza honekin, ANAPEHek azken hamarkadetan ahaldundu diren eta negozio aunitzen buru izan diren emakumeak omendu nahi ditu. Erakusketa apirilaren 19ra arte egonen da ikusgai, eta gero ibiltari bihurtuko da, liburuaren protagonistak bizi diren Nafarroako bertze txoko batzuetara mezua eramateko.
ESKUALDEKO PROTAGONISTAK
Beatriz Zabaleta Zestau, 75 urte. Beatriz Enea Jatetxea. Leitza
«Animatu egin behar da, gogoz jarraitu, maitasunez. Zorionez, nire lana bizitza osoan gustatu zait».
Belen Urrutia Hualde de 51 urte. Elbeteko Posada. Elbete
«Lan ildo horri jarraitu behar diogu, ekonomia zirkularraren eta zero kilometroaren alde egin, benetako zaporeak eta hemengoak bilatuz eta naturak ematen diguna aprobetxatuz».
Idoia Etxeberria Irigoien. 48 urte. Beintza Orbela Aterpea. Beintza Labaien
«Denbora igaro ahala, bezeroak egiten dituzu, sarritan itzultzen direnak, etxean bezala sentitzen direlako, eta harremana sortzen duzu, adiskidetasuna».
Mirentxu Goienetxe Irigoien, 50 urte. Tresanea Apartamentu Turistikoak. Ituren.
«Ez dakit ateratzeko beharra den, baina azken aldian jendea urte osoan etortzen da, ez da uda bakarrik, zubiak edo Aste Santua».
Lorea Luzuriaga Badiola, 48 urte eta Haizea Luzuriaga Badiola, 43. urte. Donamariako Benta. Donamaría.
«Gure gurasoek jatetxe bat eduki izan ez balute, seguruenik ez ginatekeen ostalariak izango. Ofizioz aldatzeko aukera izan genuen, eta lanbide hau gustatzen zaigula erabaki genuen, ez zitzaigun beste ezertan lan egitea bururatuko».