Nerea Sorondo beratarrak irabazi du emakumezkoen binakako aizkolari txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 7a, 13:00
Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan aritu ziren kirolari guztiak, sari banaketaren ondotik. Argazkiak: Ibon Errazu

Gizasemeen txapelketan podiora igo dira Zigako Joxean Etxeberria eta Zubietako Patxi Mindegia

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa Eusko Label Sariko finala jokatu dute martxoaren 6an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, baita emakumezkoen binakako aizkolari txapelketa, urrezko harri-jasotze txapelketa-Zortzi arroako hiru herri eta emakumezkoen harri-jasotze txapelketa, bere hiru kategoriatan, goi maila, berri maila eta gazte maila. Denera, 21 kirolari aritu dira Azpeitian, horietatik hiru eskualdekoak: Nerea Sorondo beratarra eta bikote egin duten Zigako Joxean Etxeberria eta Zubietako Patxi Mindegia. Hiruak sariarekin etorri dira, txapeldun izan baita Sorondo eta hirugarren Etxeberria-Mindegia.

Urrezko binakako aizkolari txapelketako finalean, Etxeberria eta Mindegiarekin batera, Ezpeleta eta Basozabal, Txikia IV.a eta Suharri eta Mugertza II.a eta Gabirondo lehiatu dira. Hamabosna enbor moztu dituzte, bortz modalitatetan. Julen Alberdi Txika IV.a eta Suharri Rodriguez izan dira bizkorrenak (25.55), Ugaitz Mugertza II.a eta Julen Gabirondo bigarren (27.06) eta Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegia hirugarren (28.07). Hodei Ezpeleta eta Basozabalen ordez aritu den Ibai Soroa laugarren izan dira (39.56).

Gizasemeen podioan, hirugarren Etxeberria eta Mindegia. Argazkia: Ibon Errazu

 

Emakumezkoen finalean, Nerea Sorondo beratarra eta Nerea Arruti nagusitu dira. Bortz enborrak mozteko 11 minutu eta 40 segundo behar izan dituzte, eta Laiene Pikabeak eta Irati Astondoak 13 minutu eta 4 segundo.

Nerea Sorondo eta Nerea Arruti txapeldun emakumezkoetan.

Harri-jasotzaileak ere

Harri-jasotzaileei dagokienez, gizasemeek Urrezko harri-jasotze txapelketa-Zortzi arroako hiru harri txapelketako finalean izan dira Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Xabat Olaizola. Ehuna kiloko (edo zortzi harroako) hiruna harrirekin aritu dira, zilindrikoa, kubikoa eta bola, bina minutuko txandatan. Urra nagusitu da 77 jasoaldirekin, Telleriak 68 egin ditu eta Olaizolak 63.

Emakumeen harri-jasotze txapelketari dagokionez, hiru kategoriatan aritu dira. Goi mailan, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe 63 kiloko harriekin aritu dira. Zelai III.ak 61 jasoaldi egin ditu eta Orbek 56. Berri mailan, Lur Errekondo eta Lierni Osa aritu dira 50 kiloko harriekin (66 jasoaldi egin ditu Errekondok eta 56 Osak) eta gazte mailan Udane Ostolaza eta Naroa Sanchez aritu dira, hauek ere 50 kiloko harriekin. Ostolazak 56 jasoaldi egin ditu eta Sanchezek 48.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun